Asteartean zabalduko dute Hondartzako Futbol Txapelketako izen emate epea

Aritz Mutiozabal 2026ko abuztuaren 30a

Kirkilla eta Arrano-Lakari jokoan, iazko plaiero denboraldian. (Intza Trula)

Parte hartu nahi duten taldeek hilaren 22ra arte izango dute inskripzioa egiteko aukera Lehiaketari urriaren 10-11ko asteburuan emango diote hasiera.

Urriaren 10-11ko asteburuan abiatuko dute 82. Hondartzako Futbol Txapelketa, eta antolatzaileek datorren asteartean zabalduko dute bertan izena emateko aukera. Parte hartu nahi duten taldeek irailaren 1etik 22ra egin beharko dute inskripzioa antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora idatzita eta beharrezko dokumentazio guztia bidalita. 

Alde batetik, izena ematearekin 260 euro ordaindu beharko du talde bakoitzak, Caja Rural De Navarrako  ES17 3008 0181 30 3009408216 kontu korrontean sartuta. Izen ematea ez dute gauzatutzat joko ordainketa egin artean. Bestetik, talde bakoitzak dokumentu bat aurkeztuko du beteta, jokalarien eta delegatuaren datuekin.

Jokalari guztiek 16 urtetik gora izan beharko dituzte, eta taldeei dagokienez, gizonezkoetan gehienez ere 25 jokalari izango dira taldean eta 11 gutxienez; emakumeetan, 22 jokalari izango dira gehienez eta zortzi gutxienez. Fitxa berriei dagokienez, jokalari berri bat edo batzuk sartu ahal izateko, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzi beharko da, eta bi epe egongo dira horretarako: bata, irailaren 1tik urriaren 26ra, eta bestea, urtarrilaren 1etik urtarrilaren 24ra.

Aurreko urteetan bezala, taldeen ardura izango da jokozainak lotzea, eta lan horretan aritzeko prest dagoen antolakuntzako kideekin harremanetan jar daiteke, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzita. Jokozain nahikorik egongo ez balitz, taldeen artean zozkatuko dute ardura.

Urtero bezala, txapelketan izena ematen duten taldeekin bilera egingo du antolakuntzak, eta hori urriaren 3an izango da, 11:00etan, Aritzabatalde kiroldegian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide