Albistegia

Boleibolak bere lekua hartuko du asteburuan

Gorka Eizagirre eta Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 23a

Aidean Zarautz hondartzako boleibol txapelketa jokatuko dute Desertu Txikian. 09:00etatik 20:00etara izango dira partidak larunbatean eta igandean.

Asteburu honetan, hilaren 25ean eta 26an, Aidean Zarautz hondartzako boleibol txapelketa jokatuko dute lehen aldiz Zarautzen, izen bereko klubak antolatuta. Egun osoko jardunaldiak izango dira biak, 09:00etatik 20:00etara, Desertu Txikian.

Unai Odriozola klubaren zuzendariak jakitera eman duenez, aurreikusitako parte hartzaile kopurua beteta egingo dute txapelketa. Jubenil eta senior mailetan lehiatuko dira asteburuan, lau kantxatan. Larunbatean bikoteak lehiatuko dira, emakumeak alde batetik, eta gizonak bestetik. Igandean, berriz, lauko taldeen txanda izango da; horiek mistoak izango dira, talde bakoitzean gutxienez emakume bat aritu beharko baita. Bi egunetan, ligaxka, kanporaketak zein finala jokatuko dituzte. Talde bakoitzak gutxienez hiru partida jokatuko ditu, eta zarauztarrez gain, beste herri batzuetako jokalariak ere izango dira. "Uste dugu maila oneko jokalariak ere ariko direla, beste txapelketetan lehiatzen direnak", azpimarratu du Odriozolak. Irabazleek sariak, garaikurrak eta dominak jasoko dituzte.

Hastapenak

2023. urtean sortu zuten Aidean Zarautz boleibol kluba, eta hazten joan da harrezkero. Datorren urtean "hamahiru talde izateko aukera" izango dutela nabarmendu du klubaren zuzendariak. Emakumeen eta gizonen taldeak ditu Zarauzko klubak, baina gehienak neskenak dira. Mutilak gutxiago direnez, datorren urtean jubenilen talderik ez dute aterako. Hala ere, gizonetan "infantilak, kadeteak eta seniorrak" mantenduko dituztela azpimarratu du Odriozolak.

"Pixkanaka hazten joan den kluba" da Aidean Zarautz. Bi talderekin hasi zuten bidea, eta gero eta gehiago dira. Orain, Zarautz Kirol Elkartearen (ZKE) barruan daude, eta hori ere "onuragarria" dela uste du zuzendaritzako kideak. Klubaren "helburu nagusia mailaz igotzen joatea" da. Hori "urteen poderioz lortzen" dela dio Odriozolak, eta "ez fitxaketekin"; izan ere, Aidean Zarautzek ez du fitxaketarik egiten. Jokalariak behetik hasi eta gorenera eraman nahi ditu klubak, talde lehiakorra izatera iritsi arte.

Lehen aldia

Aurten iritsi dira, azkenean, hondartzako boleibol txapelketa antolatzera, baina ez dute lehen saiakera izan. "Lehenago saiatu ginen, baina ez genuen lortu", aitortu du Odriozolak. Aurten, aldiz, materiala, baimenak eta diru laguntzak lortu dituzte. Cristiana Hardman da txapelketaren koordinatzaile nagusia. "Hondartzako boleibol txapelketak inguruko herrietan indar handia hartzen ari direla ikusten ari gara", dio Odriozolak; "hondartza edukita, guri ere ideia ona iruditu zitzaigun txapelketa antolatzen hastea", gaineratu du.

Zarautzen kirol ugari praktikatzen dira. Futbolak Play-Eruak ditu, eskubaloiak Txaparrotan, eta asteburu honetatik aurrera boleibolak Aidean Zarautz izango du. Hain zuzen ere, boleibola herriari erakustea da txapelketaren helburu nagusia. "Urte osoan jokatzen dugu kantxa barruan, eta jendeak ez daki existitzen garela ere", aitortu du klubaren zuzendariak: "Jendeak Zarautzen boleibol talderik ba al dagoen galdetzen du. Bagaude, eta existitzen gara". Klubean izena eman nahi dutenek, Aidean.eus webgunean egin dezakete. "Aurtengo kupoa beteta dago, baina norbaitek atzera egiten badu, itxaron zerrenda bat daukagu".

Klubarentzat ez da lan makala izan txapelketa lehen aldiz antolatzea. "Ez genekien zer egin behar genuen eta zer arazo izango genituen. Espero ez genituen arazoak aurkitu ditugu, baina normala da", dio Odriozolak. Gainera, "horrelako gauzak" beti azaltzen direla eta "pixkanaka gainditzen" joango direla dio: "Txapelketaren egunetan ere ezustekoak egongo dira, ziur".

Baimenak eskatzea eta materiala lortzea "erronka handia" izan da klubarentzat. Partidak ikusteko harmaila bat jarriko dute Desertu Txikian, udalaren laguntzarekin. Eskubaloiko Julen Azpitartek emandako laguntza ere eskertu du Odriozolak.

Aurrerantzean ere hondartzako txapelketa antolatzen jarraitzeko asmoa du klubak. "Nahiko txikia egiten saiatu gara, ez gara neurrigabekerian erori", nabarmendu du Aidean Zarautzekoak: "Hau lehen aldia da, eta ikusiko dugu nola joaten den". Lehenengo edizioa proba moduko bat izango da klubarentzat, eta datorren urtean bigarrena egin ahal izatea espero dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide