Garaipenetik gertu ibili da emakumeen trainerua Lekeition

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 12a

Zarautz Arraunketa Elkarteko emakumeen trainerua, Orion. (Onintza Lete Arrieta)

Zarautz Arraunketa Elkarteko emakumeak bigarren izan dira gaur goizean Lekeition jokatu den estropadan. Sailkapen nagusian ere bigarren jarraitzen dute, lehen postuan dagoen Hondarribiarengandik bi puntura.

Asteburu biribila izan da honakoa Zarautz Arraunketa Elkartearentzat. Atzo KAE 1 ligan dabilen gizonezkoen traineruak irabazi zuen Orion jokatutako VIII. Orio Kanpina bandera, eta emakumezkoek ere lan bikaina egin zuten Camargon (Espainia), bigarren amaitu baitzuten ETE ligako estropadan. 

Bada, gaurkoan ez da ezustekorik izan. ETE ligako bigarren hitzordua zuten jokoan emakumeek Lekeition (Bizkaia), eta lan fina egin dute bertan ere. Bigarren txandan lehiatu dira Kaiku, Hondarribia eta Deustorekin batera, eta ziabogara iristen lehenak izan diren arren, berdeek eskuratu dute bandera gaurkoan, 11.26,98 denborarekin. Dena den, zarauztarrek ere lan bikaina egin dute, irabazleengandik zortzi segundora sailkatu baitira.

Ligako sailkapenean bi puntuko aldea dago Hondarribia eta Zarautzen artean. Berdeek 46 puntu dituzte eta 44 bigarren den Zarautzek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide