Beste bandera bat poltsikoratu du Zarautzek, eta bigarrena ere hurbil izan du

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 11

Zarauzko 'Enbata', gaur Orion irabazitako banderarekin. (Julene Sorarrain)

Zarautz Arraun Elkarteko mutilek Orioko bandera irabazi dute gaur arratsaldean jokatutako estropadan. Neskak, bere aldetik, bigarren izan dira Camargon jokatutako estropadan.

Aurtengo denboraldiak Zarauzko traineruentzat positiboa izateko itxura guztia du. Gaurkoan bandera bat eskuratu dute Zarautz Arraun Elkarteko mutilek, eta bigarrengo bat lortzeko zorian ere izan dira neskak. 

Arratsaldean Oriok hartu du KAE 1 ligako jardunaldia. Orain arteko estropadetan gertatu bezala, ohorezko txandan aritu dira Enbatakoak, Deusto, Zumaia eta Kaikurekin batera. Ez diote hasiera onena eman arraunketa saioari, lehen ziabogan laugarren postuan izan direlako urdinak. Bigarren luzetik aurrera, baina, estropadako burua hartu dute Gari Urangak gidatutako mutilek, eta ez dute lehen postua inola ere utzi. 21.02,31 denborarekin lehena izan da Enbata Orioko uretan, denboraldiko hirugarren bandera astinduz. Bigarren Deusto sailkatu da gaur eta Zumaia hirugarren. 

Sailkapen orokorrari dagokionez, Zarautz lider den Deustorekiko puntu bakarrera jarri da; 68 puntu dituzte bizkaitarrek eta 67 zarauztarrek. Sailkapenean hirugarren da Zumaia, 63 punturekin. Asteburu honetan ez dute beste estropadarik izango KAE 1 ligan. Hurrengo hitzordua astebete barru izango dute, Erandion.

Orion bandera irabazi duten Zarauzko arraunlariei harrera egingo diete igande arratsaldean herrian. 19:00etan izango da ekitaldia, Musika plazan.

Neskak bandera irabazteko zorian

Kantabrian izan dute estropada ETE liga lehiatzen ari diren Zarauzko emakumeek, Camargon (Kantabria, Espainia). Bigarren txandan aritu da Enbata, Kaiku, Deusto eta Hondarribiarekin batera. Bizkaiko bi ontziek hasiera indartsua izan dute, eta beraiek izan dira lehenak ziabogako orduan, baina itzulerakoan nagusitasuna erakutsi dute Gipuzkoako bi traineruek, berdeek zein urdinek. Ziabogan laugarren izan den Hondarribiak atzetik aurrerako estropada egin du, eta Zarautzek bakarrik eutsi dio haien arraunketari. Bukaeran, traineru bakarreko aldea izan da Hondarribia (11.35,42) eta Zarautz (11.38,71) artean.

Ligako sailkapenean puntu bat besterik ez dago Hondarribia eta Zarautzen artean. Berdeek 38 puntu dituzte eta 37 bigarren den Zarautzek. Bihar Lekeition izango dute estropada, eguerdiko 12:00etatik aurrera. II. Burdinola Safer Labs bandera izango dute bihar jokoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide