Albistegia

Ohitura zaharrak, inoiz baino biziago

Usua Garin eta Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 27a

San Pelaio Bigarrenean ohitura den moduan, oilasko biltzera joan dira herritar ugari. Aurten dantzari ugari animatu da urteroko ekitaldira eta, txistulari zein trikitilariez lagunduta, inguruko baserri zein bazterrak alaitzen ibili dira.

Goizean goiz eman diote batzuk hasiera egunari. Hainbat herritar eguzkia irten baina lehen bildu dira Iñurritza Elkartean. Bertan, baratxuri zopa jan dute, urteroko legez. Ondoren, oilasko biltzera abiatu dira inguruko baserrietara. Bi taldetan banatu dira aurten ere, eta talde bakoitzak bere ibilbidea osatu du, baserri bakoitzean ohiko dantza eginez. Aurtengoan, gainera, lagun mordo bat animatu da oilasko biltzera, eta antolatzaileak pozarren agertu dira.

13:30ean eman diote amaiera ekitaldiari, Iñurritzan bertan. Hura ikustera ere, herritar ugari animatu da. Beste urte batez, kantu zein dantza ugari izan da Iñurritzan eta inguruetan, eta herritarrek erakutsi dute oraindik ere geratzen zaizkiela indarrak falta diren festa egunei aurre egiteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide