Eguerdiko 12:00etan eman die hasiera zarauztarrek San Pelaio jaiei. Telmo Esnaola Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiak Xabier Txurruka alkatearen eskutik Aginte Makila jaso ondoren, festei hasiera emateko txupina bota dute udaletxeko balkoitik. Arratsaldean, berriz, Esnaolak eta beste zazpi zuzendarik XLVI. Haurren Agerraldia gidatu dute.
Ohi bezala, herriko puntu desberdinetatik abiatu dira danborradako talde gorria, berdea, urdina eta horia. Vista Alegretik atera da talde gorria, Esnaola eta Sara Garate buru zituela; talde berdea Iñurritzatik atera da, Eilidh Sedano eta Jon Galparsoro zuzendarien gidaritzapean; Maier Mendizabalen eta Nahia Manterolaren talde urdina Azken Portutik atera da eta, azkenik, talde horia Itxasmenditik atera da, Irati Arizmendi eta Andoni Txurruka zuzendariekin. Igandea, Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangen laguntzarekin eta danborrak eta barrikak joaz egin dute Lege Zaharren Enparantzarainoko bidea, garaiko ofizioak irudikatuz.
20:00etan elkartu dira talde guztiak Lege Zaharren Enparantzaren sarreran. Pixkanaka, talde bakoitza plazako bere lekuan kokatu da, hesiaren beste aldean herritar ugari zegoen bitartean. Jarraian, Etxebeltz bertso eskolako lau gaztek bertso bana eskaini dute, eta, ondoren, bost pieza jo dituzte haur guztiek beren danborrekin eta barrikekin, Zarauzko Musika Bandaren laguntzaz.
Ondoren, Haur Kultur Taldeko kideak igo dira Lege Zaharren Enparantzako oholtzara, eta Pelaio, Pelaio ereserkia abestu dute, guztiek elkarrekin. Kantua amaitu bezain pronto, txapelak zerurantz bota dituzte haurrek, pozez gainezka. Ekitaldia amaitzeko, talde guztiak Haize-orratz gaztelekura abiatu dira danborrak uztera, San Martzial martxaren doinuek lagunduta.
Gauerdian danbor doinua berriz itzuliko da Lege Zaharren Enparantzara, helduen txanda izango baita. 23:30 aldera helduko da danborrada plazara, eta banderaren igoera eta txupinazoa zuzenean ikusi ahal izango dira Guka Telebistaren zein Zarautz Gukaren webgunean.
Jaiak hasi besterik ez dira egin, eta datozen ordu eta egunetan ekitaldi ugari izango dituzte herrian, sanpelaioez gozatzeko. Ondorengoa da datozen ordu eta egunetarako egitaraua:
Gaur, San Pelaio bezpera
- 23:00. XXV. Danborrada Mauxitxa, Gauerdi eta Pasai txarangek lagunduta. Lehen taldearen ibilbidea: Musika Plaza, Kale Nagusia, San Frantzisko kalea, Herrikobarra, Foruen kalea, Lege Zaharren Enparantza, Zigordia kalea, Kiriki kalea, Patxiku kalea, Santa Marina, Herrikobarra, San Frantzisko eta Zigordia kalea. Bigarren taldearen ibilbidea: Zigordia kalea, San Frantzisko kalea, Herrikobarra, Iturribide, Bizkaia kalea, Foruen kalea, Lege Zaharren Enparantza, Zigordia kalea, Musika Plaza, Kale Nagusia, San Frantzisko kalea eta Zigordia kalea. Hirugarren taldearen ibilbidea: Ipar kalea, Musika Plaza, Ipar kalea, Santa Marina, Herrikobarra, Foruen kalea, Lege Zaharren Enparantza, Zigordia kalea, Orape kalea, Kale Nagusia, San Frantzisko kalea eta Zigordia kalea.
- 23:30. Iñurritzako zelaian, dantzaldia Fan&Go taldearekin.
- Ondoren, txupinazoa Iñurritzako zelaian.
- 23:45. Danborradako ordezkariek San Pelaio makila emango diote Ana Mari Esnali eta Zarauzko Udalak 2001ean helduen lehen danborradan parte hartu zuten lau elkarteetako antolatzaileak omenduko ditu: Arkaitz Mendi elkarteko Iñaki Olazabal Paxo, Hilario Beizama eta Pedro Mari Silvan, Zurbaran elkarteko Santi Negueruela, Urpekoak elkarteko Karlos Etxarte eta Carballeira elkarteko Jorge Asorey zena.
- 00:00. Lege Zaharren enparantzan, bandera igoera, txupinazoa eta San Pelaioren ereserkia, Musika Bandaren laguntzarekin.
- Ondoren, kalejira Musika Plazara Igandea txarangarekin.
- Ondoren, DJ BON Lege Zaharren Enparantzan.
- 00:30. Musika plazan, Oxabi taldearen emanaldia.
- 00:30. Skarreggeasko, Lumatzak eta Dj Ianruizzz, txosnagunean.
- Aldi berean, danborrada herriko kaleetan zehar ibiliko da.
Bihar, San Pelaio eguna
- 09:00. Diana trikitilari eta dultzaineroekin.
- Aldi berean, Iñurritzan, diana txistulariekin.
- 11:00. San Pelaio ermitan, meza nagusia.
- 11:00. Gaztetxian aldeko paella txapelketa, txosnagunean.
- 11:30. Lege Zaharren enparantzan, Erraldoi eta Buruhandien Zarauzko VIII. Topaketa. Parte hartzaileak: Errotxapeako Erraldoien Konpartsa, Pasaiko Erraldoi Konpartsa, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsa, Izugarria Hondarribiako Erraldoiak, Salbideko Erraldoiak eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea Lizarrako dultzaineroak lagunduta.
- 12:00. Topaketan parte hartzen duten erraldoi eta buruhandien kalejira.
- 12:30. Iñurritzako zelaian, aurreskua dantzatuko dute Iñurritzako gazteek.
- 13:00. Merkatu Plazako lehen solairuan, Zarauzko Musika Bandaren kontzertua.
- 15:00. Balsa karrera.
- 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara, Ustekabe txaranga, eta Zarautz'trik trikitilariek eta Lizarrako dultzaineroekin batera.
- 17:30. Bixkor txaranga, txosnagunean.
- 18:00. Iñurritzako zelaian, dantzaldia Erromeria.eus taldearekin.
- 19:30. Bassajaun Sound System, txosnagunean.
- 20:00. Larrain dantza herrikoia, Lizarrako dultzaineroekin.
- 20:30. Kalejira Musika Plazara.
- 22:00. Txosnetatik manifestazio feminista: Herriko Festak Ere Gureak Dira!
- 22:30. Musika Plazan, Gozategi taldearen kontzertua.
- 22:30. Berba Labanakaz, Higiene eta Siwanaba, txosnagunean.
- Ondoren, dantzaldia Iratzar taldearekin
- 22:30. Iñurritzan, erromeria Izer eta Alabierrekin.
Etzi, San Pelaio Bigarrena, Haur eta Gazteen Eguna
- 05:30. Iñurritza Elkartean, baratxuri zopa banatuko du Iñurritza Jai Batzordeak.
- 06:00. Iñurritzan, ohiko oilasko biltzearen hasiera.
- 11:00-14:00. Frontoi Txikin, haurrentzako egurrezko jolasak. (Euria egingo balu Gaztelekuan).
- 12:00. Lege Zaharren Enparantzatik hasita, erraldoi txikien kalejira, Imuntzo Trikitilari Eskolako trikitilariekin.
- 13:30. Iñurritzako zelaian, oilasko biltzearen amaiera.
- 14:30. Denak Etxera! bazkaria, txosnagunean.
- Ondoren, Anuk eta Eleneren kontzertua, txosnagunean.
- 17:00. Nerabe gunea (12-18 urte). Puzgarriak, estanpazio tailerra eta ginkana, Haize-orratz Gaztelekuaren eskutik.
- 17:30. Kalejira Musika plazatik Iñurritzara, Sugarri txaranga eta Zarautz'trik trikitilariek, eta buruhandi eta erraldoiek lagunduta.
- Ondoren, Iñurritzan haur parkea, eta frontoian apar festa.
- 18:00. Dragpelayo disidenteen bila, karropoteoa Dj Titibururekin, txosnagunean.
- 18:30. Iñurritzan, dantzaldia Gauargi taldearekin.
- 18:30. Iñurritzan, Debrass Band tabernaz taberna ibiliko da.
- 20:30. Kalejira, Musika plazara itzulera.
- 22:00. Musika plazan, disko festa DJ Nemux-ekin.
- 22:30. Iñurritzako zelaian, bertso jaialdia. Bertsolariak: Andoni Egaña, Aimar Sorazu, Alaia Martin, Maddi Ane Txoperena eta Amets Arzallus. Gai-jartzailea: Ion Zaldua.
- 22:30. Putas Amak, Sal del Coche eta La Fulana, txosnagunean.
- Ondoren, Iñurritzan, erromeria Batbita taldearekin.
Ekainak 28, igandea
- 09:00. Iñurritzan, Diana txistulariekin.
- 11:00. San Pelaio ermitan, meza.
- Ondoren, Iñurritzako Jubilatuen Elkartean, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat, Iñurritza Jai Batzordeak eskainia.
- 11:30. Iñurritzako zelaian, haur jolasak Txipristin taldearekin.
- 14:00. Iñurritzan, gibel jana oilasko biltzean parte hartu dutenentzat.
- 19:00. Iñurritzan, herri kirolak Joseba Ostolaza Harri eskolarekin.
- 20:00. Iñurritzan parrillada, Auzoak bizirik taldearen eskutik.
- 22:00. Iñurritzako zelaian kontzertuak: Alarma Morea, Putzu Beltzean eta Bide Batez.
- 00:00. Iñurritzan, Bandera jaistea, eta festen amaierako txupinazoa.