Harrera beroa lorpen historiko batentzat

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 21a

Atzo arte, inoiz ez zuen lortu ZAEren bi traineruek egun berean bandera irabazterik. Kalejira alaia egin dute arraunlariek bi banderak astinduz, txistularien eta herritarren artean. 

Zarautz Arraun Elkarteak (ZAE) inoiz ez zuen lortu bere bi traineruek egun berean bandera irabazterik, eta atzo egin egin zuten, ETE eta KAE 1 ligen aurreneko jardunaldian Astilleron (Espainia) nor bere estropadan gailenduta. Gertakari historikoa izan zen, eta gaur, harrera beroa egin diete herritarrek eta udal ordezkariek. 

19:00etan abiatu dira kalejiran Lege Zaharren Enparantzatik Kale Nagusirantz, txistularien atzetik banderak astinduz. Txapeldunak eta 1,2,3,4 bezalako abestiak jo dituzte musikariek, eta ibilbide alaia egin dute, Musika Plazan geldialdi luzea eginda. Talde argazkia ere atera dute han, binaka arraunlari guztiek bi banderak astindu ondoren.

Udaletxe atarian zituzten zain udal ordezkariak, eta gaurkoan, bi solairutako balkoietara atera dira arraunlariak eta entrenatzaileak trapu preziatuak astintzera. "Garaipen historikoa izan da, eta goiko balkoiak ere zabaldu ditugu", esan die Xabier Txurruka alkateak. Herriko arraunaz harro daudela esan du, eta irabazi ala ez, denboraldiaz goza dezatela eskatu die. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide