Ezin hobe hasi du Enbatak traineru denboraldia: ETE eta KAE1 ligetako banderak eskuratu ditu

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 20a

Zarauzko arraunlariak, iaz Orion jokatutako estropadan. (Onintza Lete Arrieta)

ETE ligako nahiz KAE1 eta KAE2 ligetako lehenengo jardunaldiak jokatu dituzte gaur Astilleron, eta Zarauzko taldeek hasiera ezin hobea eman diote traineru denboraldiari. Bi banderak ekarri dituzte etxera.

Arraun denboraldiari hasiera ezin hobea eman diote Zarauzko arraunlariek. Bi bandera ekarriko dituzte Astillerotik (Espainia), ETE nahiz KAE1 ligetako estropadak irabazi ostean. 

Erlojuaren kontra aritu dira ETE ligako zortzi ontziak –aurreko sasoian baino bat gutxiago–, eta marea baxuarekin eta nahiz haizearen eraginpean (kontran izan dute joaneko luzeetan, eta alde itzulerakoetan) jokatu dute estropada.

Hondarribiak izan du hasiera onena, eta segundo bat atera dio Zarautzi lehenengo ziabogan, baina zarauztarrak estropadaren buruan kokatu dira bigarren ziabogatik aurrera, eta amaierara arte abantaila horri eustea lortu du taldeak, urtean zehar egindako lanaren lehenengo uzta jasotzeko. 11:18:34 denbora behar izan dute zarauztarrek bi luzeak osatzeko, Hondarribiari (11:19:64) segundo bakarra eta Kaikuri (11:21:21) hiru segundo aterata. ETE ligako arraunlariek beste hamahiru estropada dituzte aurretik Euskotren ligara igotzeko kanporaketak jokatu baino lehen, baina dagoeneko nabarmendu dira hiru talde faboritoak, eta lehia estua espero da.

Atzetik sailkatu dira Deusto, Ondarroa, Isuntza, Hernani eta Portugalete, hurrenez hurren.

Bi segundok erabaki dute bandera

Emakumeen atzetik, KAE2 ligako estreinako estropada jokatu dute Astilleron, eta horren ostean, KAE1 ligako lehenengo jardunaldia jokatzera uretaratu dira Zarauzko gizonak. Bi txandetan banatuta egin dute arraun hamabi traineruek, eta bigarrenean atera dira Enbatakoak.

Astillerok, etxean jokatu duen taldeak, lortu du lehenengo txandako denborarik onena, eta erreferentzia horrekin (21:16:82) atera dira bigarren tandako sei ontziak. San Telmo eta Enbata ontziek agindu dute estropadan, eta pare-parean izan dira lehian: 5:24ra berdindu dute lehenengo ziabogan, segundo bat aurretik biratu du Zarautzek bigarrenean, berdinduta sartu dira berriz hirugarrenean, eta azken luzean estututa, Zarautzek lortu du denborarik onena (11:18:34), eta beraz, Astilleroko bandera. Bi segundo atzetik geratu dira zumaiarrak (11:19:64).

Bihar, Pasai Donibanen

Zarauzko taldeek Pasai Donibanen (Gipuzkoa) dute bihar hitzordua, ETE nahiz KAE1 ligetan. Emakumezkoek V. Hernaniko Bandera jokatuko dute 11:20ean hasita. Linean jokatuko dute estropada, lau kaletara, hiru luzerekin. 12:00etan, halaber, gizonen txanda izango da. III. Adinberri Bandera jokatuko dute eta estropada hori ere linean izango da, lau kaletara, sei luzerekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide