Elkarrizketak

Familia eta kirola uztartzen dituen lagunarteko erronka

Mireia Galarza Bastida eta Urtzi Oteiza 2026ko apirilaren 24a

Azkoitian Urola ibaira sartu eta Zumaiaraino kayak bidez joatea da Yony Yeregi eta beste hainbat lagunen asmoa. Aste honetan, eremu hori ezagutzeko entrenamendua egin dute.

Azkoititik abiatu eta Zumaiaraino piraguan iristea Urola ibaian barrena. Horixe da Yony Yeregiren (Zumaia, 1957) eta beste hainbat lagunen asmoa. Anaiarekin berriketan ari zela sortu zitzaien ideia, hark Azpeititik Zumaiarainoko ibilbidea egitea proposatu ostean. Yeregik, baina, egina zuen ibilbide hori aurrez, eta Azkoititik egitea proposatu zion. "Gure ama Azkoitian jaio zen, eta gure osaba gazteena Zumaian; beraz, hori abiapuntutzat hartuta erabaki genuen hasiera eta amaiera puntu horiek zehaztea", kontatu du kirolariak. 

Azken hilabeteetan presak non dauden begiratzen ibili dira, eta leku arriskutsuak ere identifikatu dituzte. Finean, ibaian barrena nola jaitsi begiratzen aritu dira, eta, aldi berean, jaitsiera hori ondo egiteko zenbat ur beharko luketen ere finkatu dute. "Garrantzitsua" da hori Yeregiren esanetan, jaitsierak egiteko ur nahikoa ez badago, azpian dagoen haitza jo daitekeelako. Aldi berean, ur korronteekin ere "kontuz" ibili behar dela nabarmendu du zumaiarrak, nahiz eta Urola ibaiak ez ei duen gehiegizko arriskurik horri lotuta. Guztira, hamar presa inguru identifikatu dituzte ibilbidean zehar, denak "oso desberdinak euren artean": Lasaoko araztegikoa, Lasao auzokoa, Zestoako Bainuetxe ingurukoa, Iraetakoa, Amillubi baserriaren ingurukoa, Aizarnabal pareko bi, Atunatxikikoa, Rezustakoa, eta azkena, papertegi parekoa. 

Jaitsieran parte hartuko duten kide guztiak ez dira ausaz elkartu hitzordurako, iaz osatutako talde baten parte dira. Jubilatas Ondarkayak izena jarri diote taldeari, eta izenak dioen moduan, erretiratuta dauden hainbat kirolari dira bertako kide. Eta ez dira geldirik egotekoak, aurreko urtean zazpi txango egin baitzituzten elkarrekin. Kayakean ibiltzeaz gain, mendira eta bizikletan ibiltzera ere joaten dira elkarrekin. Dena ondo bidean, zazpi lagun aterako dira piraguan Urola ibaian barrena, tartean Yeregi, eta zortzigarrena Yeregiren anaia izango da, paddle surfeko taularekin.  

Probak egiten

Ibilbide luze hori egin aurretik, ordea, horretarako prestatu behar da, eta zehazki, aste honetan egin dute ibilbidearen zati bat, Zestoako Bainuetxetik hasi eta Aizarnazabalgo Etxabe auzoraino. Entrenamendu saio horren helburua izan da bidean zehar dauden presak ezagutzea, jakiteko non igaro daitekeen uretatik irten gabe eta non ez, baita bakoitzean jauzi nola egin behar duten ikastea ere. Aldi berean, taldeko hainbat kide ibaian kayakarekin ibiltzera ohitzea ere izan dute xedetzat, konfiantza hartzeko. "Batzuk itsasora daude ohituta, eta ibaia oso bestelakoa da, bidean egon ohi diren adarrak eta uraren indarra tarteko", esan du Yeregik. 

Oraindik ez dute erabaki noiz egingo duten ibilbide osoa, azken asteotan euri gutxi egin baitu: "Ez da ur gutxiegi komeni, ezta gehiegi ere; beraz, ikusi egin beharko da noiz egiten dugun irteera. Izan daiteke udaberri honetan, edo datorren udazkenean". Urola ibaikoaz gain, beste hainbat erronka ere buruan dituztela gehitu du Yeregik. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide