Zuri-gorriek irabazi zuten atzo goizean XX. Jose Angel Iribar Txapelketa; arratsaldean, aldiz, txuri-urdinak nagusitu ziren Zarauzko Alebin Nesken VII. Txapelketan. 16:00 aldera hasi zituzten neurketak, ZKE Futbolak antolatuta. Realak Azpeitiko Lagun Onak taldearen aurka jokatu zuen finala, eta 2-0 gailendu ziren donostiarrak.
Bost taldetako bi multzotan banatuta abiatu zuten txapelketa, eta ZKEko talde bat aritu zen bertan. Multzo bakoitzeko lehenengo bi talde hoberenek finalerdietarako txartela eskuratu zuten zuzenean, eta gainerakoek elkarren aurka jokatu zuten multzoen fasean lortutako postuaren arabera azken sailkapena erabakitzeko.
Hori horrela izanik, Zarautz, Lagun Onak, Reala eta Goierri Gorri taldeak heldu ziren finalerdietara. Azken-aurreko partida horretan, Azpeitiko taldeak mendean hartu zuen Zarauzkoa, finalera sailkatuz, eta gauza bera egin zuen Realak Goierri Gorrirekin. 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidan, Goierri Gorrik irabazi zuen. Laugarren postua ez ezik, Zarautzek beste sari bat ere eraman zuen: ZKEko Maria Lazkano izendatu zuten txapelketako jokalari onena.
5. postuan geratu zen Tolosa, 6. sailkatu zen Zumaiako, 7. lekua Aiztondorentzat izan zen, eta 8. geratu zen Intxaurdi.
Gaur, Gonzalo Urkia Txapelketa
Asteburuari amaiera emateko, Gonzalo Urkia Txapelketari ekin diote gaur, 09:30ean. 2013an jaiotako infantil mutilei dago zuzenduta txapelketa, eta lau multzotan banatuta jokatuko dute lehen fasea. ZKEk hiru talde aurkeztu ditu.