Athletic txapeldun, XX. Jose Angel Iribar Txapelketan

Intza Trula 2026ko apirilaren 3a

Athletic garaipena ospatzen, XX. Jose Angel Iribar Txapelketa irabazi ostean. (Ander Etxaniz)

Zarautzen eta Athleticen arteko finala 0-0 amaitu da, eta penaltietan gailendu da talde zuri-gorria. Hirugarren eta laugarren postuak, berriz, Ordiziarentzat eta Lekeitiorentzat izan dira, hurrenez hurren.

Athletic da XX. Jose Angel Iribar Futbol Txapelketako irabazlea. Bilboko taldeak Zarautz izan du aurrez aurre final handian, eta garaitu egin du etxeko taldea. Halere, Zarautzek ez dizkio gauzak erraz jarri talde zuri-gorriari: hutsean amaitu dute finala, eta, beraz, penaltietan erabaki behar izan dute txapelduna.

ZKE Futbolak antolatuta, 09:30ean hasi dute txapelketa, Astin. Lehen fasean, launa taldeko lau multzotan banatu dira. Zarautzek hiru talderekin hasi du txapelketa, baina B eta C taldeak kanporatuta geratu dira lehen fasean. Izan ere, lehen kanporaketan, multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek soilik egin dute aurrera, final-laurdenetara. Ondoren, fase horretako lau talde hoberenek lortu dute finalerdietarako txartela. Gainerakoek, 5.,6.,7. eta 8.postuak jokatu dituzte.

Finalerdietara lau talde hauek heldu dira: Athletic, Zarautz A, Ordizia eta Lekeitio. Lehen partidan, Athleticek Ordizia menperatu du (2-1); bigarrenean, Zarautzek Lekeitio hartu du mendean (3-0). Athletic eta Zarautzen arteko finala berdinketan amaitu da, eta penaltietan 3-1 irabazi du Bilboko taldeak. Lekeitiok eta Ordiziak ere lehia estua izan dute 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidan, baina, azkenean, 1-0 amaitu da neurketa, Ordiziaren alde. 5. postuan sailkatu da Lengokoak; 6. Reala; 7. Orioko eta 8. Danena.

16:00etan, kimu nesken txapelketari ekingo diote, eta ZKEko talde bat ariko da bertan. Bost taldetako bi multzotan banatuta jokatuko dute lehen fasea, eta lehenengo biak finalerdietara sailkatuko dira zuzenean. Gainerakoek, elkarren aurka jokatuko dute multzoen fasean lortutako postuaren arabera azken sailkapena erabakitzeko.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide