Azken hiru egunak dira Bi ilunabarren eguna erakusketa Zarautzen bisitatzeko. Erakusketa ibiltaria da, eta ostiralera arte egongo da Amalur parkean, hain justu. Abuztuaren 12an ikusi ahal izango den eguzki-eklipsearen bueltan ondu du erakusketa Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Jakindari kultura zientifikoaren aldeko aliantzaren laguntzarekin.
Lau blokek osatzen dute erakusketa, eta horiek ilustrazio zientifikoz zein idatzizko testuez beteta daude. Informazioa "modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian" jarri nahi izan dute, "publiko zabal batera heltzeko asmoz". Panel horietan, esaterako, ondorengoa irakur daiteke: datozen urteetako eklipseak noiz izango diren, eklipse motak, fenomeno horiek nola gertatzen diren, eklipseak modu seguruan erreparatzeko gomendioak...