Zarauzko EAJ PSE-EEri zuzendu zaio, eta "zarauztarren alde elkarlanean jarraitzeko" dei egin dio. Izan ere, otsaileko ohiko udalbatzarrean PSE-EE kexu zen EAJk "blokeatu" egin duela Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko prozedura, eta alderdiari "pausorik eman ez izana" egotzi zion. EAJk, bere aldetik, "giroa baretzearen eta elkarlanaren aldeko mezua" zabaldu nahi izan du.
"Lau urteko konpromisoa hartu genuen zarauztarrekin, eta oraindik urtebete pasatxo geratzen zaigu konpromiso hori betetzeko", egin du azpimarra EAJk. Gainera, taldeak gehitu du beraien lehentasuna "zarauztarrekin hartutako konpromisoa betetzea" dela, eta esan du konpromiso hori betetzeko "bi alderdiek adostutako Agintaldi Plan bat" dutela.
Plan horrek jasotzen ditu, hain zuen ere, Etxebizitzari lotutako ondorengo ekintzak:
- Etxebizitza Plana gauzatzea, Salberdin, Iñurritza, Lanpardo eta Irita-Amillubi eremuetan babes mota desberdinetako etxebizitzak herritarren eskura jarriz salmentan nahiz alokairuan.
- Udal etxebizitza tasatuen ordenantza eta lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantza aldatzea.
- Etxebizitzaren, apartamentu turistikoen eta behe solairuetako lokalen inguruko hausnarketa partekatua egitea eta neurriak martxan jartzea.
- ZHAPOren berrikuspen prozesua eta honekin lotutako parte hartzea martxan jartzea.
Horren aurrean, jeltzaleek zera esan dute: "Bi alderdi gaude gobernuan, eta zilegi da bakoitzak bere lehentasunak izatea, baina Agintaldi Plana bi alderdien artean zarauztarrekin hartutako konpromisoa jasotzen duen dokumentua da, eta horixe da gobernuaren lehentasunak ezarri behar dituen bide-orria".
Eremu tentsionatu izendapenaren inguruan, EAJk dio gobernukideen arteko asteroko bileretan landu zutela gaia. "Hirigintza departamentuaren lan karga handiarengatik ez da posible momentu honetan lanketa horri heltzea", adierazi du Garbiñe Oiarbide EAJko bozeramaile eta Hirigintza, Etxebizitza eta Partaidetzako zinegotziak. Ildo horretatik, bozeramaileak esan du uda heldu arte itxaroteko eskatu ziotela alderdi sozialistari.
Oiarbidek zuzentzen duen Hirigintza departamentuan, EAJren esanetan, Agintaldi Planean jasotako hainbat ekintzari eman zaio lehentasuna; hala nola etxebizitza babestuen lehen erabilerako baimenak emateari, Amillubi eremuan etxebizitza tasatuak eta autobus geltokia eraikitzeko lanketari, lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantzaren aldaketa eta etxebizitza eta apartamentu turistikoak arautzeko Plan Orokorraren aldaketari. Hori horrela izanik, Oiarbidek esan du herritarrek eta herriko jarduera ekonomikoek egiten dituzten lizentzia eskaerek ere "lehentasuna" dutela, "nahiz eta batzuetan nahiko genukeena baino denbora gehiago behar izaten dugun".
Hala, jeltzaleek adierazi dute Etxebizitza Plana dela "Zarautzen emaitzarik nabarmenenak ematen ari den neurria". Hori horrela izanik, alderdiak esan du horretan jarri dituela "indarrak eta lehentasunak". Halaber, gogoratu du PSE-EEk gidatzen duen Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin hitzarmena "sinatzeko zain daudela oraindik". Honen aurrean, zera esan du EAJk: "Zarauzko sozialistek iragarri zuten hitzarmena 2025ean sinatuko zela, eta 2026ko martxoan oraindik ez da sinatu hitzarmenik".
"2024ko uztailean onartu zuten Irita-Amillubi eremuko Plan Orokorraren aldaketa, nagusiki, bertan etxebizitza babestuak eraikitzeko. Irita garatzeko Jaurlaritzaren zain jarraitzen dugu, oraindik hitzarmena sinatzeko, aldiz, Amillubi garatzeko ardura udalak hartu zuen bere gain eta plangintza prest da dagoeneko autobus geltokia eta etxebizitzak eraikitzeko", gaineratu du taldeak.
Hala eta guztiz ere, jeltzaleak "ulerkor" azaldu dira Eusko Jaurlaritzarekin, eta Irita garatzeko izandako "borondatea" aitortu diote. Hori horrela, jeltzaleek ondorengo eskaera egin dute: "EAJk PSE-EErekiko duen ulerkortasun bera izan dezatela sozialistek EAJrekiko".