PSE-EEk salatu du EAJk "blokeatu" egin duela Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko prozedura, eta alderdiari "pausorik eman ez izana" egotzi dio, "mozioa onartu eta ia urtebetera".
Alderdi sozialistaren esanetan, mozioak udalerriko etxebizitzaren egoeraren inguruko "kezka zabala" islatzen zuen, eta udal gobernuari eskatzen zion "beharrezko urratsak emateko Etxebizitza Legearen arabera tentsio eremu izendatzea formalki eskatzeko". Mozioa PSE-EEk bultzatua izan zen, eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten, 2025eko otsailaren amaieran.
Inaxio Illarramendi PSE-EEren bozeramaileak gogorarazi du ez zela proposamen "erretoriko" bat izan, "baizik eta otsaileko osoko bilkuran egindako akordio bat, erabaki politiko zehatz bihurtu behar zena". Ildo horretatik, Illarramendik EAJri egotzi dio prozedura aurrera eramateko pausoak "ez lehenestea", eta esan du hori "sinesgarritasun politikoaren arazo larria" dela.
Gainera, azpimarratu du "kontraesan nabarmena" dagoela EAJren egungo jarreraren eta alkateak egindako adierazpen publikoen artean: "Alkateak, irrati elkarrizketa batean, adierazi zuen zona tentsionatu izendatzearen alde zegoela, eta 2025eko udazkena jarri zuen erabaki bat hartzeko une giltzarri gisa".
Zarautz etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeak ekarriko lukeena gogoratu nahi izan du PSE-EEk: "Kasu jakin batzuetan suposatuko luke alokairu kontratu berriak erreferentziazko indize ofizial bati lotuta egotea, eta prezioa ez ezin ezartzea marko horren gainetik, bereziki jabe handien kasuan. Praktikan, neurri honek eskaera handia eta eskaintza mugatua duen merkatu batean prezioen igoera handiak mugatzeko tresna ematen du, eta egonkortasun eta aurreikusgarritasun handiagoa eskaintzen die bai maizterrei bai jabeei. Ez du berez etxebizitzaren sarbide arazoa konpontzen, baina prezioen presio handiko testuinguruetan euste-neurri gisa funtzionatzen du".
Hori horrela izanik, PSE-EEk garbi dio: "Gobernatzeak erabakitzea dakar". Hala, kasu honetan "ez erabakitzea ere erabaki bat hartzea" dela iritzi dio taldeak, "Zarauzko bizilagunei zuzenean kalte egiten dien erabaki bat".
EH Bilduk ere gai beraren inguruko kezka agertu zuen pasa den asteko udalbatzarrean, eta prozeduraren inguruan galdetu zuen.