Barbara Stammelen azken "erronka", Mirrors and darlings, Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoan dago ikusgai. Aldi baterako erakusketa zabaldu du bertan Getariako bizilagunak, eta hilaren amaierara arte egongo da ikusgai.
Stammelek kontatu duen moduan, museoko arduradunen deia jaso zuen, bertako hormetan bilduma bat jartzeko gonbita eginez. Zer jarri eta zer ez pentsatzen ibili ostean, ondorengoa eraman du azkenik museora: inprentak, monotipoak, serigrafiak eta pinturak. Artistak argitu du pieza guztiek dutela lotura argazkiekin, "baita pinturek ere, aurretik ateratako argazkietan oinarrituak baitira". Haren esanetan, argazkietatik abiatuta "asko" egin daiteke.
Nagusiki, dozenaka erretratuk osatzen dute erakusketa, eta horietan irudikatutakoak Stammelekin lan egin duten pertsonak, senideak eta lagunak dira. "Nire inguruko guztiei ateratzen dizkiet argazkiak, baita nire etxeko maskotei eta paisaiei ere". Erretratu horietarako protagonistak nola hautatzen dituen galdetuz gero, ondorengoa da artistaren erantzuna: "Ez dakit nola aukeratzen ditudan, baina barruan sentitzen dudan gauza bat da. Bat-batean aura berezi batekin ikusten ditut pertsonak, eta gogoa pizten zait haiei argazkia atera eta margotzen hasteko".
Stammelek dio egunerokoan "ustekabean" gertatzen diren egoerak direla irudietan jasotzeko "politenak". Horregatik, bere tailerreko eta paseoetako argazkiak ere aurki daitezke mostran.
Hark sarritan ispiluen gainean egiten du lan, eta argitu duen moduan, urte asko daramatza teknika horrekin lan egiten. Hain zuzen, kontatu du hortik datorrela erakusketaren izenburua: "Nire laztanak daude irudikatuta ispiluetan". Artxiboko argazki batzuk dira orain jendaurrean jarri dituenak, baina aurreratu du beste asko dituela gordailuan: "Horiekin guztiekin zerbait egiten hasiko naiz egunen batean. Ez dakit noiz, baina egingo dut".
Bizitzari kolorea
Stammelen pieza ia guztiek ezaugarri bat dute amankomunean: kolorea. Oso koloretsuak dira haren erakusketa osatzen duten piezak, bai margolanak, baita argazkiak ere. Izan ere, artistak dio kolorea "dena" dela bere proiektuetan: "Asko gustatzen zaizkit koloreak, eta segituan izaten dut argi pieza bakoitzak nola margotuta joan behar duen". Besteak beste, artistak iritzi dio koloreek "bizitasuna" ematen dietela piezei.
Erakusketa berria oraintxe zabaldu badu ere, dagoeneko proiektu berriekin lanean ari da Stammel. Esaterako, Usoa Zumeta artistarekin Bi anai izeneko proiektua garatzen ari dela aurreratu du. Hain justu, bi serigrafiak osatzen dute proiektu hori, eta horietako bat Mirrors and darlings erakusketan jarri du ikusgai, Photomuseumen. Lana osatuko duen bigarren piezarekin lanean ari direla esan du, eta aurki izango dela ikusgai.
Hori horrela, martxoaren 29ra arte egongo da Mirrors and darlings erakusketa ikusgai Photomuseumen, eta interesa dutenek asteartetik igandera bisitatu ahal izango dute, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.