Asteburuan eguraldia tristea izan bada ere, musikazaleek ez dute hutsik egin Adarretatik jaialdian. Jende ugari bildu da egitasmoak iraun duen hiru egunetan, ostiraletik igandera, eta egitarauaren barruan eskaini diren bederatzi kontzertuez gozatu dute. Emanaldiak kokaleku ezberdinetan eskaini dituzte artistek; hala nola Musika Plazan, Munoan, Surtidor kafetegian eta Zarauzko beste hainbat txokotan.
Ostiralean, Telmo Trenor DJak eskaini zuen jaialdiko lehen kontzertua, eta jarraian igo zen oholtzara Alguillo & Alkimistak taldea. Eguna agurtzeko, Olana Liss bakarlariaren txanda izan zen. Larunbateko lehen emanaldia, berriz, Mogumbo Brass Band taldearena izan zen, eta iluntzean Javier Sun bakarlariak hartu zion lekukoa. Gauean, Micky & The Buzz eta Rambalaya taldeek kontzertu bana eskaini zuten, Munoa plazan. Hain zuzen ere, azken bi kontzertu horietako irudiak dira bilduma honetan jasotakoak, Pelaio Eizagirre argazkilariarenak.
Jaialdia agurtzeko, atzo eguerdian Ana Mínguez & Donosti Lindy Hop-eko Lagunak eta Nuria Cullaren kontzertuez gozatzeko aukera izan zen herrian.
(Argazkiak: Pelaio Eizagirre)