Enbor elkartearen ekimenez antolatzen den Adarretatik musika jaialdiak atzo abiatu zuen bere zortzigarren edizioa. Musika beltzari aldarri eginez, baina oro har aniztasunari plaza emanez, estreinako jardunaldian agerian geratu zen kultur egitasmo honetan topatu daitekeena. Eta musikazaleek biziki gozatuko dutela.
Telmo Trenor DJa izan zen jaialdia irekitzeaz arduratu zena. Musika Plazako kioskoan atondu zuen bere txokoa, eta bestelako proposamen bat eskaini zion inguruko tabernetan poteoan zebilen jendeari. Izan ere, euskal musika klasikoa uztartu zuen erritmo elektroniko pausatuekin.
Munoa plazako iluntzeko kontzertuei dagokienez, Alguillo & Alkimistak taldea izan zen oholtzara igotzen lehena. Alfonso Guillo musikari beteranoaren proiektu berria da, eta iaz kaleratutako Burua makurtu gabe lana aurkeztu zuten zuzenean. 70eko hamarkadaren bigarren erdialdean sortu zen Koska taldeko kidea izan zen Guillo, eta sasoi hartako abesti bat era berreskuratu zuten, baita Joe Cocker, Tina Turner eta Bob Dylanen pieza ezagunan ere, horiek denak euskaratuta. Alkimisten artean aurpegi ezagunak ikus zitezken, Celes Albizu pekusio jotzaile zarauztarra, David Gorospe bateria jotzaile zarauztarra eta Luis Llavori gitarrista zumaiarra.
Jarraian, Olana Liss bakarlariaren txanda izan zen, non indartsu eman zion hasiera bere emanaldiari. Extremadurako abeslariak soul eta funky doinuak oso bere dituela erakutsi zuen, eta ez hori bakarrik, publikoarekin ongi konektatzen dakiela ere bai. Esencia humana azken diskoko abestiak eskaini zituen musikari talde doi baten laguntzaz; horien artean, bi musikari zarauztar: Antxon Sarasua teklatuan eta Ander Zulaika baterian.
Gaur, larunbata
- 18:30-20:00. Mogumbo Brass Band (Euskal Herria), herriko kaleetan.
- 20:00-21:30. Javier Sun (Euskal Herria), Surtidor kafetegia.
- 22:00-23:15.Micky & The Buzz (Italia/Euskal Herria), Munoa plazan.
- 23:30-01:00. Rambalaya (Katalunia), Munoa plazan.
Bihar, igandea
- 12:30-14:00. Ana Mínguez & Donosti Lindy Hop-eko Lagunak (Euskal Herria), Zigordia kalean.
- 18:30-20:00. Nuria Culla (Euskal Herria), Musika Plazan.