Adarretatik jaialdian ariko zara Alguillo & Alkimistak taldearekin. Zer aurkeztuko duzue zuzenean?
Burua makurtu gabe diskoa kaleratu genuen iaz, eta hori zuzenean eskaintzearekin batera, gure proposamena ezagutzera ematea izango da asmoa. Alguillo & Alkimistak ez da oholtza handietara iristea helburu duen proiektu bat. Denbora librea eta eskarmentu handia duen jendearen eskutik datorren adierazpen artistiko minoritarioa da gurea. Baina abesti berriak ditugu, baita abesti zaharren moldaketak ere, eta hori da eskainiko duguna.
Zu bateria jotzailea zara izatez, baina proiektu honetan perkusioaz arduratzen zara. Nolatan?
Nik bateria jo izan dut urte askoan, eta perkusioarekin trakets hutsa naiz teknikoki. Gaztetatik interesatu zaizkit erritmo latinoak, afrikarrak eta halakoak, eta Los Coyotes taldean aritzen nintzenean gure perkusio jotzaile panamarrari ikastarotxo batzuk emateko eskatzen nion. Hark goitik behera begiratzen ninduen, eta eskuetara so eginez erantzuten zidan: "Brother [anaia], jarrai ezak makiltxoekin!". Izan ere, djembe, konga edo bongo bati atera diezaiokezun sonoritatea infinitua da. Niri harrigarria egiten zait nola atera ahal zaizkion hainbeste tonalitate nahiz ñabardura larru eta egur zati bati. Beraz, cumbia, txa-txa-txa, habanera eta halakoen erritmoen oinarriak menderatzen ditut, baina praktikara eramatea beste kontu bat da.
Eta orduan nola moldatzen zara?
Nahastura bat egiten dut. Teknologia berriek aukera ematen didate oinarri elektronikoekin nahasteko. Beraz, tempo nagusiak eta menderatzaileak jotzera mugatzen naiz, eta atzetik entzuten den bilgarri sotila makinak egiten du.
Sekretutxo hori kontatu al daiteke?
Nik ez daukat inolako eragozpenik. Ez diot inori erakutsi behar perkusio jotzaile aparta naizenik. Melomano hutsa naiz, eta musika atsegin dut. Hortik aurrera nola egiten den, bost axola zait! Itzel iruditzen zait gaur egungo teknologiak baliatzea sortzerakoan. Horrek ez du esan nahi, noski, botoi bati eman eta adimen artifizialak guztia egitearen alde nagoenik, baina teknologia berrietan sostengatzeari ongi deritzot.
Edonola ere, zuk bateria tradizionalaren alkimia zainetan daramazu.
Beti egon behar duzu sormenaren zerbitzura. Ni ez naiz inoiz abesti sortzailea izan, pieza solte batzuen kasuan salbu, baina beti pentsatu izan dut instrumentista batek taldearen mesedera aritu behar duela. Balio handiagoa du niretzat talde batean bere egitekoa zein den ondo dakien musikaria izateak. Teknika ongi menderatzea oso ongi dago, baina jada kokoteraino nago musikari horiez. Beraien burua nabarmendu besterik ez dute egin nahi; haien distira soberan dago egitura kolektibo baten barruan.
Horrenbeste urtez talde ugaritan aritu ondoren, ez duzu errekonozimendu faltarik nabari?
Horrek niri berdin dit. Ni pozik nago nire ibilbidearekin, neurri handi batean. Bere garaian erabaki nuen musikaz bizi nahi nuela, eta urte batzuetan posible izan nuen; izan ere, talde batekin zein bestearekin jotzen ibili nintzen geratu gabe. Baina inoiz ez naiz handiuste bat izan, eta ez dut fama edo errekonozimendu grinarik izan. Egiten dudanarekin gozatzea da nire lehentasuna, hori da benetako saria. Besteen laudorioak beti eskertzen dira, baina ez dira nahitaezkoak. Badakit zeintzuk diren nire mugak, eta ni neu naiz neure buruaren kritikari zorrotzena eta goresle handiena. Jakina, 24 urterekin eta Madrilgo eszenan, orduan gora iritsi nahi zenuen. Baina, gaur egun, dudan adinarekin eta jada jubilatuta, guztiz liberatuta nago kontu horiez.
Madril aipatu duzu, eta 80ko hamarkada. Sasoi hartan, hainbat taldetan aritu zinen: Ciudad Jardin, Angel y las Guais, Los Coyotes....
Malevaje, Sindicato Malone, Mercedes Ferrer... Bolada hartan nolabaiteko garrantzia izan zuten taldeak izan ziren. Madrilgo musika eszenaren lehenengo trantsizio nagusia bizi izan nuen. Sindicato Malone taldean hasi nintzen ni, kuriositatea nuelako. Zortzi hilabete pasatu nituen Mexikon, eta txaleko guatemaldar koloretsuarekin ailegatu nintzen Madrilera. Aurrez bateria jotzen ibilia nintzen hemen [Orioko Haika taldean hasi zen], eta ohartu nintzen hango panoraman defendatu nintekeela. Hala, proba bat egin zidaten Paralisis Permanente talderako; Eduardo Benavente zendu berria zen orduan. Oso kuriosoa izan zen, zeren taldekideei asko gustatu zitzaien nola jarraitzen nuen erritmoa, baina nire itxura ez zetorren bat haien kutsu siniestroarekin.
Baina berehala bilatu zenuen taldea, ezta?
Segituan, Sindikato Malone taldean hasi nintzen, eta kontzertu pila bat ematen genituela gogoratzen dut. Zirkuitu itxi bat zegoen, zeinetan furgoneta hartzen genuen asteburuero, eta ostiralean, larunbatean eta igandean jo ondoren, lau durorekin itzultzen ginen etxera. Kilometro eta kontzertu asko izaten ziren. Hori guztia politikak deuseztatu zuen, eta Madrilen, konkretuki, Enrique Tierno Galvanek. Ikuspegi politikoagatik eta hautes-etekinengatik izan zen. Une hartan, 1982an, PSOE konturatu zen baliabide batzuk bideratzen bazituen eta edozein herritako festetan artista edo musikari talde jakin batzuek doan jotzen bazuten, gazteen botoak erakartzeko aitzakia perfektua zela. Orduan hasi zen goiko taldeen eta erdikoen arteko urruntzea; horrek hautsi zuen zirkuitu alternatiboak bilatzen zituen artistaren ibilbidea. Edo Gabinete Caligari, Radio Futura eta Alaska y Dinarama zinen edo kaka zaharra zinen; hori horrelaxe gertatu zen. Eta niri beti tokatu zitzaidan kaka zaharraren aldean egotea. Zoritxarrez, gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du.
Noiz arte egon zinen Madrilen?
1983tik 1991ra bateria jotzetik bizitzeko aukera izan nuen, baina urte gogorrak izan ziren. Inoiz ez da erraza izan musikatik bizitzea. Azken urte hartan lan aukera bat sortu zitzaidan Donostian, eta nire musika ibilbidea eten nuen. Beti hor egon den arren, ez nuen bateria jo hogei urtean; atzera Madrilera itzuli eta rhythm and blues-eko bertsio talde batean hasi nintzen arte. Jubilatu nintzenean, berriro Zarautzera itzuli nintzen; orain presiorik gabe bizi naiz, eta biziki gozatzen ari naiz Alguillo & Alkimistak eta Arima Soul proiektuekin. Bi proposamen ezberdin dira, baina eroso sentitzen naiz bietan eta uste dut nire ekarpena egiten diedala.