Abian da aurtengo Shelter 4Teens surf txapelketa. Iaz bezala, aurten ere Kind Surf Challenge modalitatearekin eman diote hasiera edizioari, hau da, aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako hitzorduarekin. Gaur eta bihar, berriz, 14 eta 10 urtez azpiko nesken eta mutilen kategorietako eta surf egokituko parte hartzaileen txanda ari da izaten.
Hala, goizean goiz hasi dute jardunaldia neska-mutilek, eta 19:00 arte izango dira Zarauzko urtean. 120 partaide dira, eta lau laguneko txandetan arituko dira.
Gaurko txandetan sailkatutako neska-mutilek bihar jokatuko dituzte finalak: 08:00etatik 17:00etara 14 eta 10 urtez azpikoek, eta 12:00etatik 14:00etara surf egokituko parte-hartzaileek. Azkenik, 18:00etan egingo da sari banaketa. 14 urtez azpiko nesken eta mutilen kategorietako zortzi finalistek sari berezia jasoko dute: lau eguneko surfcamp-az gozatzeko aukera urrian.
Surf ikuskizunaz gain, musika eta parrillada ere egongo dira, baita beste hainbat jarduera ere, hala nola, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko babesa lantzeko tailerra, gaur 17:00etan, eta skate txapelketa, bihar arratsaldean.