Martxan da aurtengo Shelter 4Teens surf txapelketa

Julene Sorarrain 2025eko irailaren 20a

Aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako Kind Surf Challenge modalitatearekin eman zioten hasiera atzo aurtengo edizioari. Gaurkoan, aldiz, 10 eta 14 urte arteko gazteen ardura izango da surf ikuskizuna eskaintzea.

Atzo arratsaldean abiatu zen Shelter 4Teens surf txapelketaren IX. edizioa. Kind Surf Challenge modalitateak eman zion hasiera asteburu osoa iraungo duen txapelketari, “surflari profesionalak eta aniztasun funtzionala duten gazteak elkartzen dituen hitzorduarekin", hain zuzen.

Aurtengoan guztira eskualdeko bederatzi enpresetako ordezkariek hartu dute parte, hala nola Orca, Salto Foundation, Salto Systems, Zumaia Offshore, Gran Camping Zarautz, Quiksilver, Pukas, Yow-HLC eta Turismo Zarautzek.

Talde bakoitzean lau surflari aritu ziren: enpresa bakoitzeko hiru ordezkari, Kind Surf programako gazte bat eta surflari profesional bat. Hala, erreleboka sartu ziren uretara, eta epaimahaia arduratu zen surflariek hartutako olatuak puntuatzeaz. "Egun hunkigarria izan da, parte hartzaileen irribarreek eta olatuen artean bizitako emozioak giro paregabea sortu baitute, eta familiek eta ikusleek itsasertzetik jarraitu dute erronka", kontatu dute txapelketako antolatzaileek.

Asteburu osoko festa

Atzoko jardunaldia amaituta, gaurkoan 10 eta 14 urtez azpiko kategorietako neska mutilak lehiatuko dira Zarauzko uretan. Lau laguneko txandetan sartuko dira itsasora, goizean hasi eta arratsaldera arte.

Bihar, aldiz, finalak eta surf egokituko saioa jokatuko dituzte, dozenaka partaiderekin. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Euskaditik, Estatuko hainbat erkidegotatik eta Irlandatik, Italiatik zein Frantziatik etorritako gazteak izango dira bertan, "guztira, 120 baino gehiago". 

Hala, gaurkoan Zarauzko malekoira gerturatzen direnek surf ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute iluntzera arte. Gainera, uretara sartu nahi ez dutenentzat, haurrentzako jasangarritasun eta ingurumen tailerrak eskainiko dituzte. Eguna biribiltzeko, parrillada eta musika saioak ere izango dira. 

Argazkiak: Shelter 4Teens.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide