Surflari gazteen topagunea izango da beste urte batez Zarauzko hondartza, IX. Shelter 4Teens surf txapelketari esker. Ostiralean, larunbatean eta igandean zehar jokatuko dute lehia, eta hitzorduak txoko anitzetatik etorritako surflariak elkartuko ditu. Irabazleak egongo diren arren, lehiaz harago doan txapelketa izango da; izan ere, elkarbizitza, inklusioa, ingurumenarekiko errespetua eta bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea du xede nagusi ekimenak.
Karlos Argiñano jatetxean egindako ekitaldian eman zituzten asteburuaren xehetasunak, lehia eremutik oso gertu, alegia. Atzo eguerdian izan zen, eta bertan izan ziren Shelter Surf-en arduradun Aritz Aranburu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Dominguez, Zarauzko alkate Xabier Txurruka, Laboral Kutxako Gipuzkoako komunikazio arduradun Karmele Segura eta Salto fundazioko ordezkari Borja Ganzarain.
Aranburuk mezu garbia bezain zehatza eman zuen aurkezpena hasi berritan: "Txapelketaren asmoa ez da soilik surfaren etorkizuneko talentuak ezagutzea; haurrek itsasoaz gozatzen ikastea ere bada, elkartasunetik eta gure ingurunea zainduz". Ildo beretik, Dominguezek txapelketaren balioetan jarri zuen fokua, eta adierazi zuen "laguntasuna, oztopoei aurre egitea, geure burua gainditzea eta elkartasuna" sustatzen dituela kirolari gaztetxoen artean.
Egitasmoaren bitartez itsasoa eta ingurumena zaintzeko beharraren mezua ere zabaldu nahi dutela gehitu zuen diputatuak, "beharrezkoa baita hori surfa bezalako kirolaz gozatzen jarraitu ahal izateko". Segura bat agertu zen Dominguezek esandakoarekin, eta gehitu zuen asteburuko hitzorduak kirola eta jasangarritasuna "modu egoki batean" uztartzen dituela. Gainera, beste urtez batez, Zarauzko Udalak babestuta egongo da hitzordua, Txurrukaren hitzetan, "udalak defendatzen dituen balioekin bat egiten duelako; hala nola integrazioa, berdintasuna eta naturarekiko zein besteekiko errespetua".
Ehundik gora lagun
Orotara, 120 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute asteburuko txapelketan, eta antolatzaileek aurkezpen ekitaldian jakitera eman zutenez, Euskal Herriko zein nazioarteko surflariak izango dira horiek.
Hala, parte hartzaileak bost kategoriatan banatuta jokatuko dute txapelketa: 10 urtez azpikoen gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak, 14 urtez azpikoen gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak eta surf egokituko kategoria egongo dira, hain justu ere. 14 urtez azpikoei dagokienez, zortzi finalistek surfcamp-az gozatzeko beta izango dute azaroan, Aritz Aranburu, Indar Unanue eta Rudy Palmboom surflariekin batera. Lau egunetan zehar entrenamendu teknikoak, prestaketa fisikoa eta elkarbizitza landuko dituzte.
Oraindik ere zabalik dago inskripzioa egiteko aukera; beraz, izena eman nahi duen orok ondorengo lotura honetan egin dezakete, 30 euro ordainduta. Prezio horren barruan sartuko dira, gainera, larunbat eta igandeko bazkariak.
Surf inklusiboa, asteburuari ekiteko
Kind Surf Challenge probarekin hasiko da surfaren bueltako festa. Asteburuko "une berezienetako bat" izango dela aurreratu zuen Aranburuk, "surfak gizarte-inklusiorako tresna gisa duen balioa bistaratzeko" balioko baitu saioak. "Uretan denok berdinak gara, libre, zoriontsu", berretsi zuen.
Hori horrela, aniztasun funtzionala duten hainbat gaztek Zarauzko olatuez gozatzeko aukera izango dute egun horretan, begiraleak eta boluntarioak alboan dituztela. Babesle nagusia Salto fundazioa izango da, eta tokiko bederatzi enpresak parte hartuko dute proban. Hala, bost laguneko taldeak osatuko dituzte, eta bakoitzean enpresako hiru ordezkari, Kind Surfeko surflari bat eta surflari profesional bat egongo dira.
Ganzarainek azaldu zuen moduan, Kind Surf Challenge erronkan parte hartu zuen duela urte batzuk Salto fundazioak, eta aurten "pauso bat gehiago" eman dute babesletzarekin. Proiektuari "merezi duen bultzada" eman nahi dio fundazioak, eta horregatik herritar guztiak animatu ditu parte hartzera.
Gainerako kategorietako Shelter 4Teens Surf Txapelketak larunbatean zein igandean zehar jokatuko dituzte, eta horiek martxan dauden bitartean bitartean parrillada ere eskainiko dute. Musika ere egongo da lehorrean dauden guztiak animatzeko, eta horrez aparte skate saioak eta sentsibilizazio jarduerak ere antolatu dituzte.
Egitaraua:
Irailak 19, ostirala, Kind Surf Challenge
- 16:30. Taldeen harrera.
- 17:00-20:00. Kind Surf Challenge txapelketa.
- 20:00-23:00. Barbakoa eta kontzertuak.
Irailak 20, larunbata, Shelter 4Teens Surf Txapelketa
- 08:00-19:00. Proba guztiak (sub14 eta sub10, neskak eta mutilak).
- 17:00. Jasangarritasun eta ingurumen tailerra.
- 19:00-23:00. Barbakoa eta kontzertuak.
- Parrillada eta musika egun osoan zehar.
Irailak 21, igandea, Shelter 4Teens Surf Txapelketa
- 08:00-17:00. Proba guztiak (sub14 eta sub10).
- 12:00-14:00. Surf egokitua.
- 17:00-18:00. Skate txapelketa.
- 18:00-19:00. Sari banaketa eta amaierako argazkia.
- Parrillada eta musika egun osoan zehar.