Ander Lipusen manifestuak abiaraziko du aurtengo Literaturia

Aritz Mutiozabal 2025eko maiatzaren 23a

Ander Lipus 2025eko Literaturia iragartzeko bideoan.

Gaur arratsaldean hasi eta igandera arte iraungo du aurtengo literatur jaialdiak. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta horretaz gain, liburu azokan hamar liburu berri aurkeztuko dituzte zuzenean.

Euskal letren plaza bihurtuko da beste urte batez Zarautz, gaur hasi eta igandera arte. Literaturia egitasmoak askotariko ekitaldiak eta guneak ekarriko ditu asteburuan herrira, Ihes gaiaren ingurumarian, literaturzale ororen gozamenerako.

Ander Lipusek emango dio hasiera aurtengo edizioari. Aurtengoa ez da  Literaturiarekn kolaboratzen duen lehen aldia: adibidez, duela hamar urte jaialdia irudikatzeko kartela irudikatzeaz gain, egoerarako egin zen film laburreko protagonista ere izan zen. Oraingo honetan, manifestua prestatu eta jendaurrean irakurtzeko ardura eman diote antzerkigile bizkaitarrari, hain justu ere, eta Modelo aretoan izango da ekitaldia, 20:00etan hasita. Jarraian, Formol Laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena izango da ikusgai.

Bihar, berriz, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, ohiko liburu azoka izango da Lege Zaharren Enparantzan atonduko duten karpan. Irekiera ekitaldiaren ondoren, 12:00etan, Garoa liburu dendari aitortza egingo diote, eta egunean zehar, liburu aurkezpenak izango dira.

  • 11:30-11:55. Haize beltza, Amaiur Epher (Txalaparta)
  • 12:00-12:25. Hezur berriak, Ane Labaka Mayoz (Susa)
  • 12:30-12:55. Eresia, Goiatz Labandibar (Elkar)
  • 13:00-13:25. Ehun zaldi trostan, Ainhoa Urien Telletxe (Elkar)
  • 13:30-13:55. Urte urdin ihesak, Jesus Mari Olaizola "Txiliku" (Elkar)
  • 17:00-17:25. Amorante Frantsesa, Miren Agur Meabe (Susa)
  • 17:30-17:55. Iragan atergabea, Julen Belamuno (Elkar)
  • 18:00-18:25. Baden verboten, Iker Aranberri (Pamiela)
  • 18:30-18:55. Ganbila bilduma: Zorretan, Agurtzane Intxaurraga (Susa-EHAZE) eta Aztitza, Oier Guillan (Susa-EHAZE).

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide