Udaberri honetan ere Zarautz euskal letren plaza bihurtuko da. Atzo aurkeztu zuten Literaturia egitasmoa Garoa liburu dendan: maiatzaren 23tik 25era egingo dute aurtengo edizioa, eta "ihes" hitza izango da gaia.
Zarauzko Udalaren laguntzaz, eta egitasmoak Berria egunkariarekin duen hitzarmenari esker, askotariko ekitaldiak eta guneak izango dira egun horietan herrian. Liburu azoka, esaterako, Lege Zaharren Enparantzan izango da, larunbatean, hilaren 24an. Argitaletxeek euskal literaturako liburuak jarriko dituzte azokan goizean eta arratsaldean, eta azokako karpan bertan aurkeztuko dituzte horiek, Ahotsenearekin elkarlanean ezarritauko gunean. Modelo aretoa izango da beste gune garrantzitsu bat.
Egitarau oparoa eskainiko dute hiru egunez: maiatzaren 23an iluntze partean hasiko da, 20:00etan, Ander Lipusen manifestuarekin. Ondoren, Formol laborategiak Heriotzak Eduardo du izena emanaldia eskainiko du: poesia, performancea eta antzerkia batzen dituen ikuskizuna da, eta Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren eta Intza Alkain izango dira taula gainean. Ekitaldiko sarrerak 8 euro balio du.
Azoka, aurkezpenak eta beste
Larunbatean, hilaren 24an, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik Lege Zaharren Enparantzako azoka. Irekiera ekitaldiaren ondoren, 12:00etan, Garoa liburu dendari aitortza egingo diote: Manu Urbietak sortutako oroigarria eman, eta euskal kulturari eta literaturari emandako bultzada eskertzeko ekitaldia izango da. Datozen egunetan emango dituzte, bestalde, karpan izango diren liburu aurkezpenen ordutegi, izenburu eta egileen berri.
Helduek bakarrik ez, haurrek eta gaztetxoek ere izango dute Zarautzen literaturaz gozatzeko parada. Izan ere, larunbat goizean, 10:30ean, 12 eta 16 urte artekoentzat idazketa tailerra eskainiko du Oier Guillanek Etxezabala aretoan. Aurrez eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek, Literaturiako helbidera idatzita.
Modelon ere izango da ekitaldirik larunbatean. 12:30ean, hasteko, Entzuteko liburuak emanaldian podcastak izango dituzte hizketagai Ainhoa Etxebestek, Xabier Gantzarainek, Garazi Urkolak eta Xabier Etxeberriak. Arratsalde partean, 18:00etan, berriz, Enplego zoriontsuago bat emanaldia eskainiko dute Iñigo Astiz eta Eñaut Elorrietak. Eta egunari amaiera borobila emateko, bertso saio "espekulatiboa" izango da areto horretan. Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira oholtza gainean, Leire Vargas saioaren gidariarekin batera. Sarrera 8 eurokoa izango da.
Bi ekitaldi izango dira igandean, azkenik: Ihes betea zilegi balitz emanaldia eskainiko dute Garbiñe Ubedak, Arantxa Urretabizkaiak eta Olaia Inziartek. Ekitaldia 11:30ean izango da, Santa Klara komentuko elizan. Arratsaldean, 16:45ean, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez antzezlana eskainiko du Tanttaka Teatroak. Sarrera 4,5 eurokoa izango da.
Sarrerak, gaurtik
Ordainpeko ekitaldietarako sarrerak gaurtik aurrera izango dira eskuragarri. Literaturiaren webgunean nahiz Modelo aretoko leihatilan jarriko dituzte salgai 19:00etan. Sarrerak agortzen ez diren kasuetan, ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago ere erosi ahal izango dira.