Izurde bat erreskatatu dute Iñurritzako biotopotik

Gorka Eizagirre 2025ko ots. 19a, 14:00

Gurutze Gorriko kideek artatu eta berriro eraman dute itsaso barrenera.

Izurde bat azaldu da gaur goizean Iñurritzako biotopoan, errekan hondoa jota, ez aurrera ez atzera. Inguruan paseoan zebilen herritar batek ikusi du animalia egoera horretan, eta larrialdietara hots egin du, abisua pasatzeko. Hala, Basozaina, Zarauzko Udaltzaingoa eta Gurutze Gorria bertaratu dira ahal bezain laster.

Hasieran, izurdea itsasora itzultzeko lehen saiakera egin dute Gurutze Gorriko bi kidek, baina hainbat arazo medio, beste bi taldekideren errefortzua eskatu behar izan dute. Orduan, esku-ohe baten laguntzarekin, itsasertzera eraman dute animalia. Itsasoan murgildu nahi zuten izurdea, baina olatu handiek eta itsaso zakarrak galarazi egin dute operazioa.

Hori horrela, suhiltzaileen laguntza eskatu dute, eta bitarte horretan Plentziako Itsas Estazioko ikertzaileak ere heldu dira biotopora. Guztien laguntzarekin furgoneta batean sartu dute izurdea, eta moilaraino garraiatu dute. Behin moilara iritsita, Gurutze Gorriko kideen eta uretako motor baten laguntzaz, itsaso zabalera eraman dute ugaztuna, eta bertan askatu dute.

Denis Benito Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea bertatik bertara jarraitu du izurdea itsasoratzeko prozesu guztia. Hark kontatu duenaren arabera, hondoa jota agertu den izurdea heldua da, eta nonbait “gaixorik edo nekatuta” zirudien. Urertzera “olatuek bultzatuta” iritsi dela ere zehaztu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!