Gero eta gertuago daude Gabonak, eta Schola Cantorumeko kideek prest dute egun seinalatu horietan horren gogoangarria den Narrosko jaiotza. Azken asteetan jo eta ke ibili dira boluntarioak hura atontzeko lanetan, eta bihar zabalduko dituzte jauregiko ateak herritarrek zein bisitariek azken emaitzaz gozatu dezaten.
Urtero bezala, Errege Egunera arte egongo da zabalik, egunero-egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Hala eta guzti ere, inaugurazio ofiziala gaur arratsaldean izango da, 18:30ean.
Horrez gain, Gabon Zahar egunean, Schola Cantorumek kantaldia egingo du arratsaldez, eta une horretan jarriko dute Jesus haurtxoa jaiotzako estalpean. Ordura arte, figura hori jarri gabe egongo da.