Gabonen atarian, herria ari da pixkanaka-pixkanaka garai horretarako jazten. Ostiralean piztu zituzten kaleetako argiak, eta Narrosen ere ari dira jaiotza jartzen Schola Cantorumeko kideak. Duela hamabost bat egun hasi zituzten lehen lanak, eta azken egunotan jo eta ke dabiltza abesbatzako kide nahiz inguruko lagun eta familiakideak hilaren 7an irekiko duten jaiotza atontzen.
Abendañon Zarauzko Udalak utzitako lokal batean gordetzen dituzte urtean zehar leku horretako jaiotzako piezak, eta orain ari dira horiek guztiak beren lekua hartzen 30 herritar ingururen prestutasunez. Figura guztiak zenbakiz banatutako espaziotan antolatzen dituztela adierazi du Ibon Linazisoro arduradunak, eta gehitu du zereginak ere banatu egin dituztela aurten, bakoitzak bere lana zein den garbi izateko.
Aldi berean, koruko batazbesteko adina altua izanik, deia egin die gazteei laguntzera joateko. Izan ere, Linazisororen hitzetan, “denen ardura da Narroseko jaiotza bezalako espazio batek etorkizunean ere irautea”.