Gukasteka

Objektibo beretik ateratako hainbat argazki

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 9a

Bi herritar Sara Martinezen erretratu bat ikusten, Sanz Enean. (Julene Sorarrain)

Hainbat proposamen edota egitasmo ditu esku artean Zarauzko Argazkizale Elkarteak urtarrila bitartean. Herriko argazkilarien presentzia nabarmendu egiten da urteko sasoi honetan.

Udazkenetik negurako arte bitartea sasoi ederra izan ohi da argazkiak ateratzeko; beste aldarte bat sinbolizatzen du askotan, malenkonia eta nostalgia uneak, baina baita Gabonen bueltako ilusioa ere. Argazkilaritzak askotariko aukerak eskaintzen ditu, eta hori sobera daki Zarauzko Argazkizale Elkarteak; izan ere, hilabete hauetan presentzia nabarmena izaten du herrian, eta dagoeneko estimatzen hasiak dira zarauztarrak.

Argazkizale elkarteak bi erakusketa egiten ditu urtean zehar Torre Luzeako aretoan; bata, kolektiboa eta bestea, indibiduala, elkarteko kide bati abagunea eskainita. Azaroaren hasieran, Mari Mar Castro kideak Hiriko uneak izeneko argazki erakusketa zabaldu zuen, eta urtarrilaren 4ra arte bisitatzeko aukera izango da. Argazkilariaren esanetan, "inolako asmorik gabe, mundua begiratzeko modu berri bat" sortu du bildumarekin: "Pertsona bakoitzak atzean duen istorioa kontatu nahi izan dut argazkiekin".

Aipatu bi erakusketa horiez aparte, Ramon Serrasen oroimenezko Nazioarteko Argazki Mostra ere antolatu ohi du Zarauzko Argazkizale Elkarteak. Aurtengoa 32. ekitaldia da, eta joan den ostiralean, azaroaren 15ean, inauguratu zuten Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. Aurtengo gonbidatuak Jon Garateren, Sara Martinezen, Vanessa Ruizen eta Teresa Uzeda argazkilariak izan dira, eta irekiera ekitaldian bakoitzak bere lanaren nondik norakoak azaldu zituen.

Proposamen ezberdinak dira haien artean, istorio eta diskurtso propioarekin, baina oraingoan zuri-beltzeko irudiek presentzia nabarmena hartu dute; kolorea darabilen bakarra Sara Martinez valentziarraren erretratuak dira. Mostra urtarrilaren 19ra arte bisitatu ahal izango da asteartetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.

Lehiaketak eta egutegiak

Erakusketa aretoetatik gaindi, argazkilari elkartea bestelako egitasmo batzuetan  ere murgiltzen da. Hala, beste urte batez, Ramon Serras Argazki Lehiaketa antolatu du, Euskalduna tabernaren babesarekin eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Jubilazioa da aurten jorratu beharreko gaia, eta lanak abenduaren 13a bitartean aurkeztu behar dira Euskalduna tabernan.

Sari banaketa ekitaldia astebete geroago izango da, hilaren 20an, toki berean, 18:30ean hasita. Era berean, eta urtero bezala, epaimahaikideek aukeratutako argazki onenekin erakusketa egingo dute Euskaldunan, abenduaren 23tik otsailaren 6ra.

Azkenik, urteberriari behar bezalako ongietorria emateko, ziur aurten ere ez dela faltako Zarauzko Udalak kaleratzen dituen egutegiak. Azken urteetan, Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideen irudiekin apaintzen dituzte hilabeteak, eta, egia esan, herritarren artean arrakasta itzela izaten du. Konturatzerako, berehalakoan agortzen dira aleak!

Artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide