Mari Mar Castro: "Pertsona bakoitzak atzean duen istorioa kontatu nahi izan dut argazkiekin"

Intza Trula 2024ko aza. 12a, 12:00

Mari Mar Castro argazkilaria 'Hiriko uneak' erakusketaren irekieran. (Intza Trula)

Mari Mar Castro (Zarautz, 1966) Argazkizale Elkarteko kideak erakusketa zabaldu du Torre Luzean. Urtarrilaren 4ra arte egongo da bilduma ikusgai, asteartetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.

Hiriko uneak erakusketa zabaldu duzu Torre Luzean. Bildumari erreparatuz, pertsonak dira argazkietako erabateko protagonistak. Zergatik?

Hasiera batean ez zen nire asmoa erakusketa horrelako argazkiekin osatzea, baina ez nuen hasierako ideia gauzatzea lortu. Kalera ateratzen nintzenean begia mugimendura joaten zitzaidan, pertsonen mugimendura, zerbait transmititzen zuten pertsonen mugimendura. Azken finean, pertsona bakoitzak atzean duen istorioa kontatu nahi izan dut argazkiekin.

Koloretan ateratako argazkiak badauden arren, txuri-beltzean ateratakoak dira ia guztiak. Zergatik?

Orokorrean, kaleko argazkiak txuri-beltzean ateratzea gustatzen zait. Izan ere, iruditzen zait koloreek gehienetan arreta beste leku batera bideratzen dutela, eta horregatik erabaki nuen gehienak txuri-beltzean inprimatzea.

Zein duzu bildumako argazkirik kutunena?

Argazki guztiak Donostian eta Zarautzen ateratakoak dira, bakarra izan ezik: Ourenseko (Galizia) eliza baten atarian eserita dagoen emakume baten argazkiaz ari naiz, eta hori da nire gustukoena. Gainerako protagonistekin ez bezala, denbora eman nuen emakume harekin hitz egiten. Bertan ageri den emakumea itsua da, eta niretzat berezia da argazkia.

Bilduma zabala da. Zenbat denbora eskaini diozu lanari?

Sei-zazpi hilabete inguruko lana du atzean. Argazkiak atera nituen lehendabizi, eta ondoren landu egin behar izan nituen. Hau da, aukeraketa bat egin behar izan nuen, editatu egin nituen, eta zein paperetan inprimatu nahi nituen erabaki nuen. Erakusketari dagokionez, argazkien ordenak ere denbora eskatu zidan.

Argazkilaritzan urteak daramatzan zarauztarra zara. Zer sentitzen duzu zure proiektu bat Torre Luzean erakusgai jarri ostean?

Torre Luzean erakusketa bat jartzea sekulakoa izan da, inoiz ez nuen imajinatuko horrelako zerbait egin ahal izango nuenik. Argazkizale Elkarteko kideok taldeko erakusketak maizago egiten ditugu, baina nirea bakarrik den zerbait edukitzea zoragarria da. Oso pozik nago aukera honengatik.

Argazkilaritzari ekarpen handia egin diozu urte hauetan zehar, baina zer eman dizu zuri mundu horrek?

Niretzako ihesbide bat da argazkilaritza. Argazkien bila noan bakoitzean orduak azkar-azkar doazela sentitzen dut, ondo pasatzen dudalako. Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideok asteburuetan eta oporretan elkartzeko ohitura daukagu, eta guretzat momentu oso onak izaten dira. Oso lantalde polita daukagu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide