Uda sasoiko festa zaparrada Salbiden amaituko da beste urte batez. Bihartik igandera bitartean auzoko jaiak ospatuko dituzte han, eta hiru egunetarako egitarau oparoa prestatu du festa batzordeak haurrek zein helduek goza dezaten.
Itturrik botako du jaiei ofizialki hasiera emateko suziria bihar, eta jarraian kalejira girotua egingo dute erraldoi, pailazo eta buruhandiekin. Bertan izango da aurtengo berrikuntzarik nabarmenena; izan ere, azken hilabeteotan lanean jardun dute auzotarrek Garbikoitz eta Urene izeneko erraldoiak sortzeko. Leire Merketegi festa batzordeko kidearen hitzetan, "auzolanean egindako proiektu berezia" da erraldoiena.
Arratsaldean haur jolasak egongo dira parkeko zelaian, eta jarraian Hamarru elektrotxarangak girotuko ditu txokoak. Afaltzeko, parrillada egingo dute txosnagunean, eta eremu berean izango dira iluntzeko kontzertuak.
Etzi, larunbata, egun osoan izango da festa auzoan; esaterako, 23. Txirrindulari Txikien Eguneko itzulia Salbideko parketik hasiko da, eta eguerdian auzo bazkarirako elkartuko dira. Otordurako txartelak agortuta daude, eta Iñigo Amenabar festa batzordeko kideak zehaztu duenez, 220 pertsona inguru elkartuko dira.
Igandean agurtuko dituzte jaiak, eta azken egunean ere izango da berrikuntzarik: toka txapelketa antolatu dute lehen aldiz, hain zuzen ere. Amenabarrek aitortu duenez, "gogotsu" daude jaiak ospatzeko, eta herritar zein bisitari oro animatu ditu festetara.