Plaieroen denboraldi berriari ekiteko prest

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 6a, 10:00

Zabaldu dute izen ematea, eta irailaren 22ra arteko epea izango dute taldeek ordainketa egin eta beharrezko dokumentazioa posta elektronikoz bidaltzeko. Urriaren 6an jokatuko da lehen jardunaldia, baina aurrez, parte hartzaileekin bilera egingo du antolakuntzak.

Urriaren 6an hasiko da plaieroen denboraldi berria. Egun horretan jokatuko dute lehen jardunaldia, baina hasi aurretik, taldeen zerrenda osatu eta egutegia zehaztea falta da. Izen-ematea zabaldu dute dagoeneko antolatzaileek: irailaren 22ra artean izango da horretarako aukera, antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora idatzita eta beharrezko dokumentazioa bidalita. 

Caja Rural De Navarrako ondorengo kontu korrontean sartu beharko dituzte 260 euro parte hartu nahi duten taldeek:  ES17 3008 0181 30 3009408216. Zehaztu dute izen ematea ez dela gauzatutzat joko ordainketa egin artean.  Transferentziaren egiaztagiria eskaneaturik bidaltzeaz gain, beste agiri batzuk ere aurkeztu beharko ditu talde bakoitzak:  jokalari guztien NAN agiriaren fotokopia; delegatuaren NANaren fotokopia, posta elektronikoa eta telefonoa; eta taldearen informazioa duen dokumentua beteta.

Parte hartzeko bete beharreko baldintzen berri ere eman du talde antolatzaileak. Jokalari guztiek 16 urtetik gora izan beharko dituzte, eta taldeei dagokienez, gizonezkoetan gehienez ere 22 jokalari izango dira taldean eta 11 gutxienez; emakumeetan, hemezortzi jokalari izango dira gehienez eta zortzi gutxienez. Gaineratu dute aurreko urteetan bezala taldeen ardura izango dela jokozainak lotzea, eta lan horretan aritzeko prest dagoen norbait ezagutuz gero, antolakuntzako kideei jakinarazteko eskatu dute; horretarako antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzi daiteke. Jokozain nahikorik egongo ez balitz, taldeen artean zozkatuko dute ardura.

Fitxa berriei dagokienean, bestetik, jokalari berri bat edo batzuk sartu ahal izateko, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzi beharko da, eta bi epe egongo dira horretarako: bata, irailaren 2tik 31ra, eta bestea, urtarrilaren 1etik urtarrilaren 10era.

Izena ematen duten taldeekin bilera egingo du antolakuntzak lehia hasi aurretik. Irailaren 28an izango da, 11:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide