Candela Sanchez eta Carlos Ortiz dira zeharkaldiko bizkorrenak

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 28a, 17:30

Laugarren urtez segidan irabazi du Sanchezek emakumeetan, eta Ortiz lehen aldiz nagusitu da, iaz hirugarren izan ondoren. Aurten, 2.705 igerilarik osatu dute Getaria-Zarautz igeriketa proba.

Atzo baino eguraldi eguzkitsuagorekin, baina itsaso mugituarekin jokatu dute gaur eguerdian 52. Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldia. Guztira, 2.705 lagun izan dira kostako bi herriak itsasoz banatzen dituen 2.800 metroko distantzia osatu dutenak, eta bizkorrena, aurtengoan ere, Candela Sanchez madrildarra izan da emakumeetan, eta gizonetan, berriz, Carlos Ortiz katalanak estreinakoz jantzi du txapela, iaz hirugarren izan eta gero.

Atzokoaren alderantzizkoa gertatu da gaurkoan: Zarautz-Mollarri-Zarautz proban Santiago Rodriguez mexikarrak irabazi zuen, eta Ortiz bigarren postuarekin konformatu bazen, oraingoan Rodriguez izan da txapeldunaren (32:37) atzetik helmugaratu dena, 24 segundora. Moilatik hondartzara bidean lauko multzo batean zetozen, baina katalanak bi olatu baliatu ditu itsasertzera azkarrago iristeko, eta horrek eman dio nolabait garaipenerako laburbidea. Hirugarren postua, iazko garaile Ruben Van Gool madrildarrak osatu du, Marcos Martin madrildarrarekin eta Eduard Mannanov kanariarrarekin batera helmugaratuta.

Atzoko proba laugarren aldiz irabaztea gutxi bailitzan, Candela Sanchezek beste horrenbeste egin du Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Launa garaipen herriko igeriketa hitzordu nagusian eta haren  aldaera luzean. Gutxiren eskura dagoen marka ezarri du, ezbairik gabe. Martin Gomez lagun duela helmugaratu da pozez madrildarra (35:36), sailkapen orokorreko hamargarren postuan.

Emakumeen sailkapena Ariadna Malo iruñearrak eta Julia Colt katalanak osatu dute, hurrenez hurren; laugarrena, Claudia Giralt katalana -iaz hirugarrena- izan da. Alegia, atzoko Zarautz-Mollarri-Zarautz zeharkaldiko sailkapena errepikatu dute gaurkoan.

Zarauztar onenen artean, Unai Agirre izan da bizkorrena gizonetan -saria, ordea, Zarautz Balea Igeriketa Taldeko entrenatzaile Alex Ojanguren donostiarrari eman diote- eta Nora Zabala emakumeetan. Getariarren artean, berriz, Iosu Iribar eta Maialen Txueka.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide