Bihar jokatuko den Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia hitzordu klasiko bat da igerilarien artean, baina gaur goizean laugarren aldiz egin duten Zarautz-Mollarri-Zarautz probak ere erakarrritasun handiagoa du- Aurten ere 314 igerilarik hartu dute irteera Moilatik Mollarrira abiatu eta berriro itzultzeko. Azkenean, Santiago Gutierrez eta Candela Sanchez izan dira nagusi; lehenak zeharkaldiko marka hautsi du, eta bigarrenak laugarren aldiz segidan irabazi du.
Zerua estalita egonagatik ere, itsasoak bare-bare eutsi dio jardunaldi osoan. Printzipioz, igeri egiteko eta denbora onak egiteko baldintza paregabeak ziren, nahiz eta hainbat parte-hartzaileek ondorenean uraren tenperatura nahiko hotza zela aditzera eman duten. Edonola ere, inolako gorabeherarik gabe jokatu ahal izan da Zarautz Balea Igeriketa Taldeak antolatutako ekitaldia.
Probari hasiera eman eta igerilari guztia abiatu dira moilako muturretik, ura aski harrotze,. Hasi bezain pronto, laupabost laguneko talde bat jarri da buru, eta horiek bakarrean eman diote bira Mollarriko kargalekua zenari. Behin itzuleran, multzoa sakabanatzen ari da, batez ere, bigarren buia atzean utzi dutenean. Moilara iristen ari zirela, Santiago Gutierrez eta Carlos Ortiz katalana nahiko parez pare zihoazen, baina mexikarrak indartsuago bukatu du, eta bost segundoko aldearekin bada ere, beretzat izan da garaipena, 01:00:43,18ko denborarekin. Iaz Ruben Van Gool madrildarrak jarritako marka (01:00:57) hobetu du, gainera; Van Goolek bosgarren amaitu du gaur. Podiuma Kartajenako Alejandro Pueblak osatu du hirugarren sailkatuta, irabazlearengandik 23 segundora.
Zalantzarik ez dago Candela Sanchezek ez duela parekorik. Laugarren aldiz irabazi du Zarautz-Mollarri-Zarautz, eta Getaria-Zarautzen ere balentria errepikatzeko bidean da. Gaur, ordea, iaz eginda errekorretik urruti ibili da: aise irabazi du 1:04:44,32ko denbora eginez, eta bigarren izan den Ariadna Malori 35 segundo aterata, baina joan den urtean baino ia hiru minutu gehiago behar izan du zeharkaldia osatzeko. Hirugarrena Julia Colt katalana izan da 1:07:15,20ko denborarekin, eta bi segura ailegatu da Claudia Giralt katalana, iaz bigarren izan zena.
Zarauztarrei dagokienez, Zarautz Balea Igeriketa Taldeko kide Unai Agirre izan da bizkorrena gizonezkoetan (01:11:11,09), eta Maria Cazalis emakumezkoetan (01:34:08,15).