Urtero bezala, Getaria-Zarautz hitzordu nagusiaren aurretik, infantil mailako neska-mutilek beraien igeriketa zeharkaldi partikularrak egiten dituzte: lehenik eta behin, 400 metrokoa, eta jarraian, 800 metrokoa. Lehen proba 10:00etan hasi da moilatik, eta buiari itzulia emanda, hondartzan helmugaratu dira. 90 gaztek hartu dute parte, eta adorez egin diote aurre gaurko itsaso indartsuari.
Mutiletan, Unax Etxabe zumaiarra, Yeray Ortega gasteiztarra eta Julen Eizagirre azpeitiarra izan diren lehen hiru sailkatuak, hurrenez hurren; eta nesketan, Irune Perez-Irezabal bilbotarra, Janis Altuna azpeitiarra eta Inge Kabue azpeitiarra.
Ordu laurden geroago, 800 metroko probari eman diote hasiera. Munoa paretika abiatu dira, hondartzatik bertatik, itsaso barrenera, olatuen aurka igerian. Lehenengo buia inguratu ondoren, bigarren buia joan behar izan dute igerian, atzera hondartzan helmugaratzeko. 78 lagunetako multzoa asko luzatu da, eta azkenean Udane Aiestaran donostiarra izan da lehena, Alvaro Muñoz errioxarra atzetik helmugaratuz.
Nesketan, bigarren izan da Maria Etxabe zumaiarra eta hirugarren Itxaso Sasia zarauztarra. Mutiletan, berriz, Iñaki Oruesagasti azkoitiarrak eta Aaron Alberdi zumaiarrak osatu dituzte lehen postuak.