Ezagutzen ez zaituenarentzat, nor da Nagore Arruti?
Zarautzen jende asko izango da ezagutzen ez nauena, izatez ez bainaiz zarauztarra, usurbildarra baizik. Bikotekidea dut zarauztarra, arraunlaria, eta urte asko egin ditu Zarautz Arraun Elkartean. Klubarekin nire lotura, aldiz, duela urte batzuk hasi zen, ZAEk Emakumea Arraunlari ekimena hasi zuenean. Ni orduan futbolean ibiltzen nintzen Usurbilen, baina lesio bat eduki nuen belaunean. Errekuperatzean, arrauna probatu nahi nuen, eta halaxe egin nuen. Futbola utzi nuen, eta orduko Zarautz-Getaria taldean hasi nintzen arraunean. Bi urte egin nituen, proiektua bukatu zen arte. Gero, Donostiarra taldea sortu zuten, hara joan nintzen, eta hiru urte egin nituen bertan. Hurrengo pausoa arrauna uztea izan zen. Zarauzko gizonen lehen taldea Eusko Label Ligara igo zen, eta bikotea hango taldekidea zenez, laguntzeko prest nengoela esan nien. Orduan hasi nintzen batzordean, eta hango kide izan naiz azken lau urteotan.
Zein izan da zuzendaritza aldaketa egiteko arrazoia?
Arrazoi nagusia izan da orain arte zuzendari zegoen Jon Artolak eta idazkari zegoen Joseba Segurolak hainbat urte eta gero nekea ere sumatzen zutela, eta ardura horiek alde batera utzi nahi zituztela adierazi zuten. Beti ere laguntzeko prest, baina karga handienak alde batera utzita. Lantaldeko gainontzeko kide gehienek jarraitzeko asmoa zutenez, iaz esan zuten uztekoak zirela. Norbait izendatu beharra zegoen zuzendari, baina inor ez da aurkeztu; aurrerapausoa eman beharra zegoen, eta nik eman dut.
"Gustatuko litzaiguke Zarautzen arrauna gehiago sustatzea"
Elkartearen buru jartzea tokatzen zaizu orain orduan. Zein puntutan aurkitzen da Zarautz Arraun Elkartea?
Gizonen seniorren traineru bat dugu, emakume seniorren beste bat, eta beheko mailetan nahi baino harrobi txikiagoa dugu. Egia da daukagun hori ona dela. Adibidez, kadete mailako neskek Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu dute. Lana oso ondo egiten ari gara, baina gustatuko litzaiguke Zarautzen arrauna gehiago sustatzea.
Azken urteotan herrian arrauna gehiago ikustarazteko ahaleginetan ari zarete. Zer moduz doa lana?
Zaila da. Zarautzen kirol desberdin asko egiteko aukera dago, klub guztiok nahi dugu harrobi sendo bat izatea eta haurrak gure klubetara etortzea, baina ez da erraza.
Kanpotik begiratuta, arraunlariak eta entrenatzaileak ikusten dira gehien, baina jakina da horien guztien atzean lan handia egiten duen jendea dagoela. Zeintzuk dira arraun elkarte baten batzordeak egin behar izaten dituen lanak?
Egiteko asko izaten ditu, eta egiteko oso desberdinak, gainera. Estropadetarako baimenak eskatu behar izaten ditu, arraunlarientzat arropak eskatu, trainerua prestatu behar izaten du, edozein konponketa egitera bidali, babesleen pegatinak behar bezala jarrita daudela ziurtatu, gainontzeko material guztia egoki dagoela bermatu eta abar. Era askotako lanak; batzuk izapideak izaten dira, eta beste batzuk huskeria ematen duten arren denbora eskatzen duten lanak.
"Huskeria ematen duten arren denbora eskatzen duten lanak dira"
Azken urteotan emakumeen zein gizonen taldeak ari dira lehiatzen Zarautz Arraun Elkartean, baina hori ez da beti horrela izan. Etorkizunera begira, bide horretatik jarraitzeko asmoa al duzue?
Konplikatua da. Alde batetik, harrobia badator atzetik, baina arraunak konpromiso handia eskatzen du, kirol guztiek bezala, noski. Jubenil edo senior mailetara pasatzean, klubeko arraunlarien eguneroko aldatu egiten da. Institutua, unibertsitatea, asteburuak... Batzuek nahiago izaten dute utzi. Momentua hauetan, nesken lehen taldearekin ondo gabiltzala. Batzuk utzi zuten, baina beste batzuk hasi ere egin dira. Atzetik badatoz, eta lana egingo dugu harrobi hori sustatzeko eta etenik ez egoteko. Harrobia aipatu dugunez, esan, norbaitek arraunean hasi edo probatu nahiko balu, aurtengo udan ere eskainiko dugula horretarako aukera. Uztailean izango da hori, goizetan. Horretarako, klubera deitu edo Whatsapp mezua bidali beharko dute interesa dutenek, eta arrauna probatzeko aukera izango dute. Gure telefono zenbakia 688 64 93 07 da.
"Lana egingo dugu harrobia sustatzeko eta etenik ez egoteko"
Zer aurreikuspen dituzue aurtengo denboraldirako?
Aurreikuspenak egitea oso zaila izaten da. Denboraldiaurreko estropadetan ez dakizu beste traineruek nola jokatu duten, denborak ikus ditzakezu, baina ez dakizu zer asmorekin joan den entrenatzaile bakoitza estropada horietara: entrenamendu modura, dena ematera... Eta gu ere berdin. Egia da mutilak ondo dabiltzala, eta aurreikuspena ez da txarra; neskak ere iaztik ondo dabiltza, jendeak jarraitu egin du eta seinale ona da hori; baina ikusi egin behar. Batzuetan, behetik gorantz joaten zara, neskak iaz egin zuten bezala: ondo hasi, gorantz egin eta oso ondo bukatu zuten, lau ikurrina lortuta. Sekula ez dago jakiterik.