Ongietorri beroa egin diote Usoa Ostolazari

Julene Sorarrain - Gorka Eizagirre 2024ko eka. 19a, 12:00

Atzo arratsaldean itzuli zen txirrindularia Zarautzera, Pirinioetako Tourra irabazi ostean. Bertan ziren lagunak eta familiartekoak ongietorria egiteko Lege Zaharren enparantzan. Txistularien eta txaloen artean, Ostolazak ezustekoan jaso zuen harrera eta unkiturik, eskerrak eman dizkie bertaratu ziren guztiei.

Lagunak eta familiartekoak 20:00etan hasi ziren Lege Zaharren enparantzara gerturatzen eta ongietorria antolatzen. Hainbat herritarrek ere parte hartu nahi izan zuten beren zorionak emateko. Txaloka egin zioten harrera Ostolazari plazara iritsi bezain laister eta ezustean jaso zuen ongietorria. Jarraian, txistularien laguntzarekin, agurra dantzatu zioten. Bere lagunek ere hitzaldi txiki bat eskaini zioten bere lorpenak azpimarratzeko eta azken garaipen honegatik zoriontzeko. Txirrindularia unkiturik azaldu zen bere lagunek txapela jarri eta lore sorta bat oparitu ziotenean. 

Lagun min duen Helene Alberdi triatloilariak ere zorionak eman nahi izan zizkion: "Gaur zure garaipenak ospatzen ari gara hemen eta niretzat ohore handia da zuri hitz batzuk eskaini ahal izatea". Txikitatik entrenatzaile izan duen Ainhoa Murua ere bertan zen txirrindulariari harrera egiteko: "Zure ibilbidea txikitatik jarraitu dut, eta begira orain non zauden".

Ostolazak, unkiturik, eskerrak eman zizkien bertaratu ziren guztiei: "Garaipena momentu berezia izan da baina honek hitzik gabe laga nau. Kirolak gauza asko kentzen dizkizu eta beste asko eman ere. Nik bide hau hartzea erabaki dut eta pozik nago, baina horrek ez du kentzen lagunekin eta etxekoekin egoteko denbora ere kentzen duenik".

Eguna lagunartean amaitu zuen baina geldialdi laburra egin du Zarautzen, izan ere, gaur Madrilera ekin dio Espainiako Txapelketara. Ostean, uztailean Emakumeen Italiako Giroa eta abuztuan Itzulia izango ditu zain, beraz urte luzea du aurretik. Bere aldetik, eskerrak eman dizkie ongietorrira gerturatu zirenei: "Ez dut inoiz ahaztuko egun hau".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide