Atzo Bizkaian eta Gaur Kantabrian (Espainia), ligako aurreneko bi banderak asteburu bakarrean irabaztea lortu du Zarautz Arraun Elkarteko nesken traineruak. Estropada jokatu ondoren, etxerako bidean direla egin du azken bi jardunaldien balorazioa Onintza Aizpurua arraunlariak. Asteburua "borobila" izan dela nabarmendu du: "Aurreko asteburuan ikusi genuen gertu ginela irabaztetik, posible zela bandera eskuratzea, eta asteburu honetan gure indar guztiak atera ditugu eta lortu egin dugu. Asteburu borobila izan da".
Atzoko eta gaurko estropadak desberdinak izan zirela azaldu du ZAEko kirolariak: "Atzoko estropadan aurreneko luzea ez zen gure onena izan, baina bueltan arraunkera ona lortuz aurrenak iritsi ginen, eta gaur, berriz, hasieratik hartu dugu arraunkera ona, atzotik gelditzen zitzaizkigun indar guztiak aterata".
Lortutakoa "ezin sinetsirik" daudela aitortu du Aizpuruak: "Atzokoa sinestezina izan zen, eta gaurkoa, jada, ametsetakoa; ezin sinestuta gaude guztiok". Hori bai, lanean jarraitzeko intentzioa dutela azpimarratu du, "bide onetik" doazelako.
Gaur 20:00etan harrera egingo diete udalak eta zaleek udaletxean.