Ez dute belakoan ahaztuko asteburu hau Zarautz Gesalaga Okelaneko arraunlariek. Atzo Sestaon bezala, gaur Astilleron bandera irabazi dute Zarautz Arraun Elkarteko neskek, eta iluntzean merezitako harrera egingo diete zaleek eta udal ordezkariek Lege Zaharren enparantzan, 20:00etan.
Kantabrian gaur goizean jokatutako estropadan lehia bizia egon da, eta hiru traineru helmugaratu dira lau segundoren barruan: Zarautz aurrena 10:45,20 denbora eginda, Zumaia bigarren 10:48,88 denbora eginda, eta Kaiku hirugarren, 10:49,33 denborarekin. ZAEko neskek lan bikaina egin dute, beraz, garaipena lortzeko.
Sailkapenean gora
Bi garaipen hauei esker, sailkapen nagusian gora egin du Zarautzek, laugarren postutik hirugarrenera, eta 44 punturekin da. Oraindik tartea kentzen diete aurreneko bi sailkatuek –59 puntu ditu Kaikuk eta 57 Zumaiak–, baina ez da horrenbeste puntuko aldea, kontuan hartuta asteburu honen aurretik 28 puntu besterik ez zituela Zarautzek.
Orain, banderez gozatzeko tartea izango dute Enbatakoek, abuztuaren 5era arte ez baitute estropadarik izango. Ondarroan (Bizkaia) uretaratuko dira orduan.