Ruben Van Gool eta Candela Sanchez madrildarrek irabazi dute III. Zarautz-Mollarri-Zarautz

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 22a

300 igerilari atera dira moilatik 5.000 metroko proba egiteko. Sanchezek hirugarren garaipena lortu du, eta iazko gizonezkoen txapelduna bosgarren helmugaratu da aurtengoan. Zarauztar bizkorrenak Unai Agirre eta Nora Zabala izan dira.

Itsaso bare-barearekin, ipar ekialdeko haize gozoarekin eta eguzkitan. Horrela egin dute igerian III. Zarautz-Mollarri-Zarautz itsas zeharkaldia egitera animatu diren 300 igerilariek. Aurten aurreneko aldiz Ur Irekien Espainiako Zirkuituko proba puntuagarria izan da, eta horregatik, uretan –moilan– izan dira bai irteera, bai helmuga puntuak. Dena den, ohi bezala moilako arranplako aldapan jarri dute helmuga sinbolikoa, eta han jaso dituzte txaloak ikusleen partetik.

Emakumezkoetan aurreko bi edizioetako txapelduna gailendu da: Candela Sanchez madrildarra. 01:01:42 denbora egin du. Atzo bertan munduko txapelketa jokatzetik zetorren, eta, nekeak neke, iazko denbora hobetu du –01:04:03 egin zuen orduan–. Podiuma Claudia Giralt kataluniarrak (01:03:54) eta Mikayla Esperance australiarrak (01:07:27) osatu dute. Gizonezkoak kontuan hartutako sailkapen orokorrean ere aurreneko zortzietan iritsi dira helmugara hirurak, eta Sanchez, gainera, aurreneko hiru gizonezkoen ondoren iritsi da, laugarren.

Sustoa azken metroetan

Gizonezkoetan, iazko txapeldun Pol Gil podiumetik kanpo gelditu da aurtengoan, bosgarren helmugaratuta. Txapela Ruben Van Gool madrildarrarentzat izan da, 01:00:57 denborarekin. Horrek ere hobetu egin du iaz Gilek egindako denbora –hark 01:01:18 egin zuen–. Van Goolek garaipena arriskuan izan du, azken metroetan despistatu egin delako eta helmugara egin beharrean portuko eskailera batzuetara abiatu delako. Nola ahala, antolatzaileek lortu dute bere bidera itzularaztea, eta bigarrena segundo gutxi batzuetara zuela amaitu du proba.

Hugo Cardoso kataluniarra izan da bigarrena (01:01:04), eta podiuma beste kataluniar batek osatu du: Carlos Ortizek (01:01:18).

Sari banaketan txapela, garaikurra eta urdaiazpiko hanka osoa eskuratu dituzte txapeldunek, eta bigarrenek eta hirugarrenek ere izan dute saririk garaikurraz gain. Baita aurreneko zarauztarrek ere: gizonezkoetan Unai Agirre izan da aurten ere bizkorrena –01:11:13 denbora egin du aurten, eta 01:11:30 egin zuen iaz–, eta emakumezkoetan, aurten Nora Zabala izan da aurreneko zarauztarra 01:20:25 denbora eginda. Iaz Haizea Ribera izan zen herriko bizkorrena 01:32:48 denborarekin.

Sariak Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Pablo Cazalis Zarautz Balea Igeriketa Taldeko ordezkariak banatu dituzte.

Bihar Getaria-Zarautz

Gaurko itsas zeharkaldia biharko probaren atarikoa dela esan daiteke, bihar jokatuko delako Getaria-Zarautz itsas zeharkaldi ezaguna. Gaztetxoen probekin hasiko da eguna: 400 eta 800 metroko probak jokatuko dituzte 10:00etatik aurrera 200 gaztetxok. Txikien probaren ondoren jokatuko dute proba nagusia, eta hori izango da igerilari gehien bilduko dituena.

Getaria-Zarautz zeharkaldian parte hartuko duten igerilariek 11:30ean ekingo diote lanari, eta aurreko edizioetan lortu dituzten denboren arabera osatuko dituzte igerilari taldeak. Proba noizbait 40 minutuen azpitik amaitzea lortu dutenak izango dira abiatzen lehenengoak. Hurrengoak 5 edo 10 minutu tartearekin abiatuko dira, eta 12:40ean hasiko direnak izango dira azkenak. 2.850 metro ditu ibilbideak, eta Getariako moilatik Zarauzko hondartzaraino iritsi beharko dute parte hartzaileek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide