Mundu osotik etorritako 3.421 igerilari hartuko ditu Zarautzek gaur eta bihar Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 51. edizioan. Horietatik, 1.095 emakumeak izango dira, %32, hain justu ere. Inoizko emakume kopuru handiena da.
Guztira hiru izango dira asteburuan Zarautzen jokatuko dituzten igeriketa probak: gaur 10:30ean hasita 5.000 metroko Zarautz-Mollarri-Zarautz. Espainiako igerilari onenen parte hartzea espero da bertan; izan ere, Ur Irekien Espainiako Zirkuituko proba izango da aurrenekoz, eta kalifikazio maila altuena izango du, gainera, Tour 1000 izaera aitortu baitiote. Bihar, berriz, gaztetxoen 400 eta 800 metroko probak jokatuko dituzte 10:00etatik aurrera eta bertan ere inoizko altuena izango da parte hartzea, zeren, izen emateko plaza guztiak bete dituzte lehen aldiz, 200 orotara. Txikien probaren ondoren jokatuko dute Getaria-Zarautz itsas zeharkaldi ezaguna, eta hori izango da igerilari gehien bilduko dituena.
Getaria-Zarautz zeharkaldian parte hartuko duten igerilariek 11:30ean ekingo diote lanari, eta aurreko edizioetan lortu dituzten denboren arabera osatuko dituzte igerilari taldeak. Proba noizbait 40 minutuen azpitik amaitzea lortu dutenak izango dira abiatzen lehenengoak. Hurrengoak 5 edo 10 minutu tartearekin abiatuko dira, eta 12:40ean hasiko direnak izango dira azkenak. 2.850 metro ditu ibilbideak, eta Getariako moilatik Zarauzko hondartzaraino iritsi beharko dute parte hartzaileek.
Ur irekietako zeharkaldien artean Espainiako partaidetza zabalena duen proba da Getaria eta Zarautz artekoa, baina igerilariak ez ezik, ikusleak ere milaka izatea espero da: proba bertatik bertara jarraituko dutenak 30.000tik gora izatea aurreikusten dute antolatzaileek, eta beste 10.000 inguru streamingez jarraituko dutenak.