Elastiko laranjarekin eta irabazlearen txapelak buruan zituztela atera dute argazkia hedabide honentzat gaur eguerdian Candela Sanchez eta Ruben Van Gool igerilari madrildarrek. 20 eta 19 urte dituzte hurrenez hurren, Gredos San Diego klubekoak dira, eta gaur berentzat izan da III. Zarautz-Mollarri-Zarautz itsas zeharkaldiko garaipena.
Candela Sanchez: "Parisko Munduko Kopan lehiatuko naiz hemendik aste batzuetara"
Hirutik hiru garaipen eskuratu dituzu Zarautz-Mollarri-Zarautz proban. Pozik, ezta?
Oso pozik nago, bai, hemen urtero parte hartu ahal izan dudalako. Asko gustatzen zait proba hau; beti oso ondo hartzen gaituzte.
Nolako sentsazioak izan dituzu uretan?
Gaurkoan azkarrago joan zitezkeen mutilen parean kokatu naiz, ahalik azkarren egin dut irteera talde horrek ihes ez egiteko, denbora gehiagoan joan ahal izan dut beraiekin, nahiz eta amaieran ihes egin duten, eta hori mesedegarria izan da niretzat, gustura nago.
Probatik zer duzu gustukoen?
Jendea batez ere, oso ondo hartzen zaituztelako. Asko gustatzen zait.
Ur Irekietako Munduko Txapelketatik iritsi berri zara.
Bai, atzo bertan iritsi nintzen. Pozik nago, hamar kilometroko proban 14. gelditu nintzelako eta bost kilometrokoan 22. postuan. Uste baino hobeto ibili naiz eta oso gustura nago. Orain, Espainiako Txapelketan ari naiz pentsatzen, eta Parisko Munduko Kopan; hemendik aste batzuetara da hori.
Ruben Van Gool: "Itsasoan lehiatzen nintzen lehen aldia izan da"
Aurreneko aldiz parte hartu duzu proba honetan, eta garaipena zeuretzat.
Bai, oso pozik nago. Itsasoan egin dudan aurreneko zeharkaldia zen niretzat, eta asko gustatu zait. Taldean joan gara, eta amaieran banandu egin da, eta tope jarraitzea erabaki dut. Ondo atera zait, kar-kar. Beste lehia batzuk bezain gogorra ez da izan, baina erraza ere ez. Asko gustatu zait.
Aurreneko biak bateratsu iritsi zarete zure despiste batengatik...
Bai. Aurrerago nindoan ni, baina ez dut ondo ikusi helmuga puntua, eta beste toki batera joaten hasi naiz. Azkenean, berdin-berdin irabazi dut; bigarrenari ez dio denbora eman ni harrapatzeko. Bihar dena ematera atera, eta kito.
Irabaztera aterako zara Getaria-Zarautz itsas trabesian, hortaz.
Noski. Dena ematera noa. Motzagoa da, gainera.
Esango zizueten caravela portugaldarrak dabiltzala egunotan uretan...
Bai, baina zorionez, ez dut ezer ikusi. Ura garden-gardena zegoen, eta arrainik ere ez dut ikusi. Halako batek ziztatuz gero, ba gerrako zauri eta guzti saiatuko nintzatekeen berdin-berdin honaino iristen!
Zer helburu dituzu hemendik aurrera?
Datorren astean Espainiako Txapelketa daukat igerilekuan, eta horrekin amaituko dut denboraldia. Amerikako Estatu Batuetan ari naiz ikasten, eta han jarraituko dut igerian.