Zarauzko Udalak "gaitzespenik gogorrena" agertu du herrian izandako sexu erasoaren aurrean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 18a

Emakumeen aurkako indarkeria kasu bat salatzeko Zarauzko Udalak deitutako elkarretaratze bat. (Jabi Gonzalez Toston)

Udalak laguntza eta hurbiltasuna adierazi dizkio biktimari, eta gertatutakoa salatzeko herrian egingo diren protestetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Aldundiak ere adierazpena kaleratu du, gertatutakoa salatzeko eta protestetan parte hartzeko deia egiteko.

Astelehen goizaldean Zarautzen gertatutako sexu erasoa gaitzetsi dute udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen bana plazaratuta. Udalak "gaitzespenik gogorrena" adierazi du, eta biktimari laguntza eta hurbiltasuna adierazi dizkio.

Halaber, garbi adierazi du ez duela emakumeen giza eskubideen inolako urraketarik onartuko. "Erasoak dira emakumeek gure gizartean jasaten duten indarkeria matxistaren ondorio larrienak eta muturrekoenak, eta horregatik, funtsezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea, hezkuntzatik hasita eta emakumeen autonomiaren alde lan eginez bizitzako alderdi guztietan".

Gainera, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa publikoki erakustera animatu ditu erakundeak, baita haiei biktimei berreskuratzean eta erreparazioan laguntzeko ardura kolektiboa hartzeko dei egin ere. "Indarkeria matxista desagerrarazteko behar-beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa. Horregatik, herritar orori dei egiten diogu udalerrian antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte har dezaten".

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "gaitzespenik irmoena" adierazi du sexu erasoaren aurrean, eta biktimari "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi dizkie, baita haren senideei eta gertukoei ere. Erakundeak emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko protokolo insitituzionala jarraituz, bihar eguerdian (12:00) Lege Zaharraren enparantzan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Gainera, emakumeen askatasuna eta eskubideak urratzen dituen edozein erasoren eta jarreraren aurkako konpromisoa agertu du erakundeak, eta gogorarazi du indarkeria matxistaren jatorria gizonen eta emakumeen arteko egiturazko berdintasun faltan dagoela. "Gipuzkoan ez dute lekurik emakumeen duintasunaren eta sexu askatasunaren aurkako jokabide matxistek; eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide