Gipuzkoako Foru Aldundiak ere arbuiatu du asteburuan salatutako sexu erasoa

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uztailaren 6a

2021ean gertatutako sexu eraso bat salatzeko ere agerraldi bateratua egin zuten udalak eta aldundiak. (Amaia Urbieta Arruti)

Udalak egin duen elkarretaratzeko deialdiarekin bat egin du erakundeak, eta "elkartasun osoa eta babesa" eskaini dizkio sexu erasoa pairatu duen emakumeari nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei

Igaro den asteburuan Zarautzen salatu duten sexu erasoa irmoki salatu eta arbuiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, adierazpen baten bitartez. Aldi berean, "elkartasun osoa eta babesa" eskaini dizkio foru erakundeak sexu erasoa pairatu duen emakumeari nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, aldundiak bat egiten du Zarauzko Udalak atzo kaleratu zuen adierazpenarekin.

"Beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako erasoen oinarri-oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, eta ez dute lekurik gure gizartean. Egungo testuinguruan, aisialdirako eta gizarte harremanetarako aukerak berreskuratzen ari garen testuinguru honetan, are irmoago adierazten eta zabaltzen dugu indarkeria matxistaren aurkako mezua. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu", azaldu du adierapenean aldundiak.

Azkenik, erakundeak herritar guztiei dei egin die bortizkeria matxistaren aurrean erne jarraitzeko eta halako erasoen aurkako jarrera erakusteko. Jakinarazi du parte hartuko duela udalak gaur eguerdirako (12:00etan) finkatu duen salaketa elkarretaratzean Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendariak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide