Herrian gertatutako sexu erasoa gaitzetsi du udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko uztailaren 5a

Emakume batek asteburuan jarritako sexu eraso salaketa baten harira, Zarauzko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, eta elkarretaratzea egingo dute bihar, 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan.

"Gure herrian gertatutako sexu eraso salaketaren aurrean, Zarauzko Udaletik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu. Biktimarekiko eta haren ingurukoekiko gure laguntza eta hurbiltasuna adierazten dugu, biktimari bere errekuperazio- eta erreparazio-prozesuan laguntzeko behar dituen informazioa eta udal-baliabideak eskura jarriz.

Arreta bermatu eta lortutako informazioa baloratu ondoren, Zarauzko Udalak, erakunde gisa, argi eta garbi adierazten du ez duela inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo baten ondorio da. Arazo horren helburua da emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea, bai eta zuzenean eragiten dieten mendekotasun eta diskriminazio egoerak mantentzea ere.

Erasoak dira emakumeek gure gizartean jasaten duten indarkeria matxistaren ondorio larrienak eta muturrekoenak, eta, horregatik, funtsezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-balioak sustatzea, hezkuntzatik hasita eta emakumeen autonomiaren alde lan eginez beren bizitzako alderdi guztietan, indarkeria matxistaren edozein adierazpide errotik moztuz.

Azkenik, herritarrak animatu nahi ditugu publikoki erakutsi dezatela emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa, eta ardura kolektiboa har dezatela biktimen berreskuratze eta erreparazioan laguntzeko. Izan ere, indarkeria matxista desagerrarazteko behar-beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa. Horregatik, herritar orori dei egiten diogu udalerrian antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte har dezan".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide