Abendaño industriagunean goizean goiz deituta zeuden pikete informatiboak, eta lasai antzera ibili direla jakitera eman du Aihotz Aiestaran LAB sindikatuko eskualdeko ordezkariak, enpresa gehienak itxita topatu dituztelako. "Orokorrean, oso gustura gaude jendeak eman duen erantzunekin".
Goizean, bizkleta gaineko martxa bat eginez, bigarren pikete saio bat egin dute herri osoan, Bizipikete deitu diotena; besteak beste, irekita zegoen Araba kaleko Eroski supermerkatura sartu dira bizikleta eta guzti. "Herriak erantzun du behar zuen moduan, guztia erabat itxita dago, salbuespenak salbuespen; bakoitzak ikusiko du zer zailtasun dituen". Gustura agertu da, era berean, 10:30eko mobilizazioan herritarrek eman duten babesarekin ere.
Aiestaranen hitzetan: "Azkenean, gizarte gaiak ukitzen direnean, jendeak inguruan bizi du egoera hau. Pentsioen egoera oso larria da, baina soldatak izan daitezke, lan baldintzak eta halakoak. Jendea oso kontziente da egoeraz, eta espero zen erantzuna ematen ari da".
"Inpresio ona"
Greba egunaz "inpresio ona" duela adierazi du Maixabel Ezenarro Zarauzko Pentsionisten Asanbladako kideak: "Komertzioek itxi egin dute, baita lantegiek ere, eta goizeko manifestazioan jende mordoska batu zaigu". Jasotzen ari diren erantzunarekin gustura daudela dio. Izan ere, bi urte pasa dituzte beraien eskubideak aldarrikatzen, eta Ezenarroren esanetan, "inork ez digu kasurik egin. Existituko ez bagina bezala egon gara elkartzen astelehenero, eta nahi genuen halako babes zabal bat, guztion artean zerbait gehiago lortzeko".
Greba Orokorrak erakunde publikoek kasu gehiago egiteko balioko duela espero du. "Halako mobilizazio batek oihartzun zabalagoa ematen dizu. Egia esan, erakunde publikoekin ez daukat fede gehiegi, baina argi utzi nahi diet ez dugula etsiko. Gure borrokan jarraituko dugula", azaldu du pentsionisten taldeko kideak.
"Ez da posible jendea miserian bizitzea, eta, gehienbat, emakumeak. Emakumeak alarguntzen gara eta %52ko pentsioarekin geratzen gara. Emakumeak bai etxean bai kanpoan lan egin dugu. Lehena jaikitzen emakumea da, eta azkena oheratzen dena ere bai. Gehiegizkoa da, eta 'planto' esan dugu".
"Bizitza eta zaintza erdigunean"
Zarauzko Sare Feministak hasieratik egin zuen bat grebarekin, "bizitza, lan eta pentsio duina" ardatzekin bat egiten duelako. "Hiru horietan emakumeak erdigunean kokatu nahi izan ditugu, bereziki, bizitza duinari dagokionean. Batez ere, zaintza eta beste eredu iraunkorrago bat eraiki behar dugu, elkarren zaintzan oinarritua. Hori izan da gure gaurko ekarpen nagusia", azaldu du Zarauzko Sare Feministako kide Ainhize Muniozgurenek.
Hala, aktiboki parte hartu dute Greba Batzordean, eta gaur goizean goizeko mobilizazioetan: "Bizipiketean parte hartu dugu emakumeok, peto moreekin, eta ekimen bat egin dugu Osasun Zentroan. Emakumeok egunerokoan hartzen ditugun lan guztiak irudikatzen saiatu gara, eta horrek gugan sortzen duen estresa".
Arratsaldean, grebako mobilizazioekin jarraituz, hiru tailer antolatu dituzten Lege Zaharren enparantzan, 16:30etik aurrera. Batetik, Eskubideen Karta Sozialaren tailer bat egongo da; bestetik, Zumaiako Malen Etxeak filmatu berri duen dokumentala emango dute, eta ondoren solasaldia; eta, azkenik, Zarauzko turistifikazioak prekarizazioan duen eraginari buruzkoa. Eguna biribiltzeko, eragile sozialei deitutako manifestazioa deitu dute arratsalderako, 18:30ean hasiko da Lege Zaharren enparantzatik