Zumaiarrak ez gara oso fin ibili Kontxako bi estropadetan. Lehenengo jardunaldian, semaforoa zela eta ez zela lotan atera ginen eta gero ez genuen asmatu arraunean. Bigarrengo igandean berriz, kalearekin ez dut uste suerte gehiegirik izan genuenik eta buruak ere ez zigun askorik lagundu. Egia da, osteguneko sailkapen estropadan laugarren postu itxaropentsu bat lortu genuela, eta motibatuak ginela paper polit bat egiteko Donostian. Tamalez, gauzak ez dira beti batek nahi duen bezala ateratzen. Hala ere, Kontxako estropadetan sailkatze hutsa izugarria da; ezin baikara ahaztu asko eta asko kanpoan geratu direla.
Inori meritua kentzeko asmorik gabe, aipatzekoa iruditzen zait lehenengo jardunaldian Zumaiako Telmo Deun ontzian 14 harrobiko arraunlarik arraun egin genuela esatea, gutxi izango direlako hori bizi izan dutenak edo biziko dutenak. Argi dago, gu bezalako elkarte txiki batentzat ezinbesteko oinarria direla txikienak beraz, jarraitu gogor gazteekin lan egiten.
Bestalde, errekorrak direla eta ez direla, 2012ko Kontxako bigarren jardunaldian zumaiarrok ezarri genuen 10:35,62 denbora beste urte batez hautsi gabe geratzen da. Ni bertan nintzen arraunean, laugarren tostan estriborretik eta bandera Galizia aldera joan bazen ere, errekorra gurea izaten jarraitzen duela jakiteak, harrotasuna ematen dit.
Irailean sartu garen bezala eta Kontxako estropadak amaituta, asko dira arraun denboraldia bukatutzat eman dutenak baina guri oraindik azkeneko txanpa geratzen zaigu Euskotren Ligarako Play Off-erako txartela lortzeko. Saiatuko gara Kontxako arantza kentzen eta gure bertsiorik onena ematen; entrenatzaileek esaten diguten bezala: "Dakizuena iten dezuenian, txalupa ibili iten da". AUPA EKIPO!