'Play off'-a jomugan, ligako azken estropada Bilbon

Zarauzko hitza 2019ko abu. 22a, 11:21

(Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Zarauzko Enbata jada matematikoki irabazlea den arren, larunbatean izango da KAE1 ligako azken estropada, Bilbon. Irailaren 14 eta 15ean jokatuko da play off-a Eusko Label Ligara igotzeko, Bermeon eta Portugaleten hurrenez hurren.

177 puntu poltsikoan dituela, matematikoki liderra, KAE1 ligako irabazlea eta play off estropadetan igoera lortzeko hautagai nagusietako bat da Zarauzko 'Enbata'. Bigarren da Deustu 15 puntura, eta hirugarren Getaria, 26ra. Azken hauek ez dute kasik aukerarik play off-a jokatzeko, Deustuk azkena egin eta Getariak bandera irabazi beharko baitu hala gerta dadin.

Bilbon jokatuko da ligako azken estropada, hiru ziabogatara eta erlojuaren aurka, deustuarren etxean. 11:00etan hasiko dira estropadak ETE ligako neskekin, eta ondoren jokatuko dute KAE1 ligako mutilek.

Bi estropadetan, etorkizuna jokoan

Burua Bermeon eta Portugaleten dute zarauztarrek, bertan jokatuko baitira Eusko Label Liga gorenera igotzeko bi estropadak. Biak ala biak erlojuaren aurkako saioak izango dira, Eusko Label Ligako azken bigarrenaren, KAE1 ligako lehen bi sailkatuen eta Galiziako ligako lehen bien artean. Hala, bost traineruetatik bik lortuko dute goiko ligara igotzeko edo mantentzeko txartela. Gainera, ZAEko kideek oraindik jakitera eman ez duten arren, estropadetara joateko autobusa antolatuko dute, doan.

Ikusteke dago zeintzuk izan daitezkeen lehiatuko diren bost traineruok. Zarautzek eskuan du txartela, eta Deustuk ere bai ezusteko handirik ezean. Puri-purian daude, baina, Eusko Label Ligako azken bi traineruak: behetik gora dator San Pedro, eta azken bigarrena zen Astilleroren puntuak berdintzera heldu eta aurre hartu berri dio Zarauzko estropadan. Hala, asteburu honetan Galiziako uretan erabakiko da nor jaitsiko den zuzenean KAE1 ligara eta nork jokatuko duen 'play off'-a. Hauek izango dira Eusko Label Ligako azken bi estropadak, Kontxako Banderaren atarian.

Galiziako ligan, bestalde, azken estropadaren faltan nagusi da Ares; matematikoki izan ez arren, zazpi puntuko aldea ateratzen dio hirugarren sailkatua den Mecosi. Eta bigarren da Tiran, azken urteotan Euskal Label Ligan aritu den taldea.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide