Denboraldi erdiko balorazioak egiteko unea izaten da behin Lekeitioko estropada jokatzera iritsitakoan; uztaila bereak emana da jada, eta arraun denboraldiak erakutsi du zein den bere aurtengo norantza. Lehen unetik gogor ekin zion denboraldiari Zarauzko Enbatak seitik bost bandera irabazita, eta azken asteburuan banderarik eskuratu ez baina denbora txukunak egin ostean, berea du lidertza. Are gehiago atzo Lekeitioko uretan gailendu eta bigarren den Deusturi hiru puntu aterata.
Getariako Esperantzak, bestalde, azken estropadetan itxaropena berreskurarazi die getariarrei. Denboraldi hasieran bigarren txandan kontsolidatu zirela zirudien arren, azken asteotako jardunaldiak, eta Pedreñan irabazitako bandera, behetik gorako bidea eraikitzeko bide izan dira. Lekeitioko bigarren postua da erakusle.
Berriz, eraikitze prozesuan murgilduta dagoen trainerua da Zumaiko Telmo Deun ontzia. Lehen txandan finkaturik eta gaurko egunez jaitsiera postuetatik aldendurik, estropadaz estropadako sentsazioekin lanean dihardute zumaiarrek. Txanda irabaztea helburu izan arren, ez da erronka makala bigarren txandakoentzat euren denbora gainditzea. Dena den, Xabier Zulaika entrenatzaileak esan bezala, "gustura" aritzea da garrantzitsuena, eta datorren denboraldirako jarraikortasuna ematea da funtsezkoena.
Beste erdia falta da
KAE1 ligan lehiatzen duten eskualdeko traineruak ez dira espresuki jendez soberan ibiltzen; hala adierazi dute hiru entrenatzaileek. Taldea ganoraz osatu nahian neguan izandako arazoez gain, bada hiruren artean aroa oroitzapen onekin oroitzen duenik; Gari Uranga zarauztarrak neguan eguraldia aldeko izan dela adierazi du, itsasoan "gehiago eta hobeto" entrenatzea ahalbidetuz. Dena den, mutilen artean dago gakoa: "Iazko denboraldi txukuna ikusita, bagenekien beste aurrerapauso bat eman zitekeela".
Getariari ohorezko txandan aritzea "handi" geratzen zaiola dio Jon Larrañaga entrenatzaileak: "Eduki dugun neguarekin, helburu nagusia zen lehen txandan aritzea ekiditea". Arraunketa hartzea kostatu egin zaiela onartu du, baina estropadaz estropada helburuak ezarriz, emaitzak lortzen ari direla-eta "pozarren" daude getariarrak.
Abuztua poparean
Egindakoak eginda daude, eta ontzi bakoitzak topatu du bere txokoa KAE1 ligan. Abuztuaren amaiera aldera jokatuko dira Eusko Label ligara igotzeko play-off jardunaldiak, eta zarauztarrak dira horiek jokatzeko hautagai nagusiak.
Nork daki zer gerta litekeen abuztuan. Helburu ezberdinak dituzte hirurek, eta orain arte egindakoari jarraipena eman beharko diote.