Denboraldian zehar, kasu bakan batzuetan baino ez dituzte indarrak neurtzen Eusko Label eta ARC1 ligako traineruek, eta play-offari begira, nork nori zenbateko aldea ateratzen dion ikusteko aukera izan daitezke halako egunak. Baina ez dira oso fidagarriak izaten atzokoa bezalako estropadetan eginiko denborak, izan ere, ia denboraldiaren erdira iritsita, entrenatzaileentzat une egokia izaten da gehien jokatu dutenei atseden emateko. Hala, Gari Urangaren traineruak ere izan zituen zenbait aldaketa. Esanguratsuena, agian, ontziaren gidaritzapean: denboraldiko lehen estropada jokatu du Garmendiak, Garro lehorrean utzita. Eta arraunlarietan ere orain arte ikusi gabeko aurpegiak ikusi ziren, aurpegi gazteak, oro har.
Lapurdi, Hibaika eta Mutrikuk abiatu zuten gizonezkoen Gipuzkoako Txapelketa, une batzuk lehenago, Orioko neskek bandera astindu ondoren. Bigarren txandan aritu ziren zarauztarrak, Zumaiarekin, Getariarekin eta San Juanekin. Pasaitarrak lehen unetik aldendu ziren lehiatik, Zarautzengandik oso urrun geratuz eta hala, sailkapen orokorrean azkenak geratuz; Jose Luis Korta entrenatzaile fitxatu berriaren taldeak itxura kaxkarra eman zuen Donostiako Badian. Getariak baino, Zumaiak estutu zuen gehien Enbata. Estropadaren azken laurdenera arte iraun zuten gertu: azken luzean zortzi segundu atera zizkioten zarauztarrek. Helmugan, tanda irabazteaz gain, sailkapen orokorrean laugarrengo postua eskuratu zuten eta, hala, uztailaren 31n Hondarribian jokatuko den Euskadiko Txapelketarako txartela lortu zuen Enbatak.
Jakina zen hirugarren eta azken txandan erabakiko zela irabazlea, Orio, Hondarribia eta Donostiarraren artean. Hasi eta gutxira atzean geratu zen San Pedro, ARC1era jaisteko play-offa jokatzeko hautagaietako bat dena, eta Oriok eta Hondarribiak ezarri zuten erritmoa, donostiarrek hala edo nola, hirugarren luzera arte behintzat, jarraitzen zietelarik. Orio, Aranberri lehorrean utzi arren, oso fin aritu zen ziabogetan, eta Hondarribiak, hirugarren ziaboga egin azkenengo luzean sartu orduko jada, agur esan behar izan zion lehiari. Hala, oriotarrek bai gizonezko eta bai emakumezkoetan bandera etxeratu zuten.
Beteranoak ezin hobe
Zortzi t'erdiak pasatxoan ekin zioten beteranoen txandari, arratsaldeko zazpigarren eta azken txandari. Inork gutxik espero zuen bestelako emaitzarik: Badok 13 gailendu zen Zumaia eta C.D. Fortunaren gainetik. Zarauztarrak izan dira nagusi orain arte jokatutako estropada guztietan, ligako zortzi banderatik zortzi eskuratuta.
Modu honetan, bai beterano eta baita seniorrek ere Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Hondarribiako uretan, eta bertan, sailkapen ona lortuz gero abuztuko lehen asteburuan jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu ahal izango da.
Gipuzkoako Txapelketako emaitza guztiak hemen.