Bostetik lau. Ez du denboraldi hasiera makala egin ZAE-ren Enbatak. Plentzian jokatu zuten atzoko estropada, eta handik itzultzean, herritarrek ongietorri beroa egin zieten arraunlariei. Txistulariak, dozenaka herritar eta udaleko ordezkariak zain zituzten heldu zirenerako. Musika Plazan izan ziren lehenengo, eta txistularien doinuak jarraituz, udaletxera igo ziren.
ZAE-ko kideek emaitzok "urteetan egindako lanaren fruitua" direla garbi dute, eta asteburuak aurrera doazen heinean, irribarre handiagoarekin itzultzen dira herrira, beren lanak ongi beteta.
KAE 1 sailkapeneko buruan da Enbata oraingoz, Deustori lau puntuko aldea aterata. Datorren larunbatean Donostian izango dute estropada.
ABE ligan ere Zarautz nagusi
Beteranoen liga ere aurrera doa apurka-apurka, eta kasu horretan ere Zarauzko arraunlariak nagusi izan dira asteburuan, Armintzan jokatutako estropadan. Txapeldun izan dira 13:41eko denborarekin, eta atzetik iritsi da Arkoteren txalupa, 13:56ko denbora eginda.