Ezkutuko lanean dihardutenak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko uzt. 4a, 10:11

Jose Manuel Etxabe eta Eugenio Camio Getariako Arraun Elkartearen egoitzan. (Gorka Peñagarikano)

40 urte baino gehiago dira lehen aldiz balizak jarri zituztela Eugenio Camiok eta Jose Manuel Etxabek. Egun, 70 urtetik gora izanda, fin jarraitzen dute estropadetan ikusten ez den lana egiten.

Getariako Arraun Elkarteko batzordean ibili dira gaztetatik Jose Manuel Etxabe (Getaria, 1949) eta Eugenio Camio (Getaria, 1948). 40 urte baino gehiago daramatzate biek ala biek balizak jartzen Getariako estropadetan. Bi beteranoen hitzetan, egun horietan "lan handia" izaten da, eta boluntario askoren artean uzten dute prest estropada eremua.

Bi eguneko lana izan ohi da estropadak prestatzearena. Bezperan jartzen dituzte balizak eta, ondoren, jaso egin behar izaten dira. Camioren hitzetan bigarren hori izaten da gogorrena, horretarako boluntario gutxiago izaten baita.

Estropadaren bezperan, prest dauden boluntarioek bodegako materiala bertatik atera eta ordenatu egiten dute, lehenik. Motordun txalupa txikietan uretaratzen dira, eta puntu zehatzera iristean, balizak botatzen dituzte, beren aingurekin. "Azkarrago egiteko bi taldetan egiten dugu", azaldu du Etxabek.
Nola jakin dezakete, ordea, zein den puntu zehatza? Herri bakoitzak bere estrategia dauka eta, Getarian, lehorrean bi erreferentzia puntu markatu zituzten duela urte asko, Jose Agustin Larrañaga elkarteko lehendakari zenean. "Portu eta bideetako ingeniaria zen eta berak jarri zituen erreferentziak lehorrean", azaldu du Camiok.

Hala, lehorreko marketan pertsona bana kokatzen da, eta txalupan dagoenari esaten diote noiz geratu behar duen. Bi erreferentzien lerroak gurutzatzen diren puntu zehatzean, begira dauden biak konforme daudenean, bota behar izaten dute aingura.

Geometriak geometria, Camiok ondo daki zailtasun handia duela beti leku zehatzean ainguratzeak. "Orokorrean, metro erdiko edo metro bateko aldea egoten da".

Inoiz baino langile gehiago

Hala dio Etxabek: "Arraunlarien belaunaldi asko ikusi ditugu. Horiek aldatzen doaz, baina urteak joan eta urteak etorri, guk hemen jarraitzen dugu". Ez dute kexarik, ordea, arraun elkarteko lankidetzaren inguruan. Arraunean jardundako asko aritzen dira boluntario lanetan estropaden prestaketan Camiorekin eta Etxaberekin; beraien esanetan, orain, "inoiz baino gehiago". Izan ere, arraun elkartea sortu zen urteetan "dena" egin behar izaten zuten jende gutxiagoren artean. "Balizak bota, zuzendu, jaso... guztia gure esku zegoen", azaldu du Etxabek.

Abuztuaren hasieran, herriko Salbatore festetan, izaten da traineruen estropada Getarian. Urtean zehar, ordea, izaten dira bestelako estropadak (trainerillenak, batelenak, probintzialak...) eta horietan ere Etxabe eta Camio izaten dira balizak jartzen. Etxaberen arabera, "guztietan berdin" aritzen dira. "Arraunlariek umetatik ikasi behar dute gauzak ondo egiten".

Boluntariotzaren prezioa

Sekula ez dute sosik poltsikoratu Camiok eta Etxabek balizak jartzen hartutako lanagatik. Noizbait zerbait eman badiete, arraun elkartearentzako izan da. Camioren esanetan, "arrazoi txarren bat" entzun behar izan dute musu-truk egindako lanagatik. "Orain askok kobratuta egiten dute lan hori, TKE ligan. Guk egindako lanaz asko kexatu izan dira, balizak mugitzen direlako, baina nik telebistan ikusten ditudan estropadetan, kobratuta jarritako balizak gureak bezalaxe mugitzen dira".
Getariatik kanpo ere aritu izan dira lanean. "Zumaiako estropadatik edo Kontxatik deitu izan digute, diru gutxi zegoela eta guk esperientzia genuelako".

Guztiak pozik edukitzea ezinezkoa izaten da, baina horretarako direnak eta bi egiten dituzte. "Distantzia oso laburra nahikoa izaten da jendea protestan hasteko". Balizak kokatzeko aurreko egunean egindako lanaz gain, estropada hasi aurretik berriro begiratzen eta mugitzen dituzte, motordun txalupekin. Bezperako gaua "behatzak gurutzatuta" igarotzen dute Camiok eta Etxabek, balizak hurrengo egunean ondo aurkituko dituztenaren esperoan. "Gertatu izan zaigu txibizaleek gauean, ilunetan, sokak ebakitzea, adibidez".

Horrenbeste urtetako lanak utzi dituzte izerdiak, pozak, tristurak eta hainbat anekdota Camio ren eta Etxaberen memorian. Horietako bat, duela urte asko, Getariako traineruen estropadan gertatu zitzaien: "Estropada eguna zen. Heldu da ziabogara trainerua, eman du ziaboga eta kalera sartzean baliza falta". Hala oroitu du unea Etxabek. Trainerutik ateratzen zen torloju batekin zulatu egin zuten baliza, eta hondoratu egin zen. Harrezkero, bestelako material bat txertatzen dute balizetan, halakorik gertatu ez dadin.

Urteetako sokari tiraka

Egiten dutena gustuko duten galdetzean, ez dakite zehatz erantzuten Camiok eta Etxabek. Ziur dakitena da benetan kuttuna dutela Getariako Arraun Elkartea, eta lotura hori ez dela edonola hausteko modukoa. "Gu hutsetik hasi ginen. Ez geneukan ez arraunik, ez txaluparik ez ezer, txabola bat bakarrik. Pixkanaka elkartea osatzen joan ginen, eta orain, atzera begiratu eta hutsetik hasi gineneko hura dugu gogoan. Daukaguna izanda, ez dugu batere gogorik egindako lana albo batera utzi eta guztia uzteko".

Dena den, "preziatuak eta maitatuak" sentitzen dira arraun elkartean bi beteranoak. Erreferente dira gazteago direnentzat, eta urtero-urtero, gustura joaten dira gonbidatuta Getariako Arraun Elkarteko afarira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide